Nora Arbelbide Lete.
LARREPETIT

Zurikeriak ez ditu zuriketak maite

2020ko irailaren 25a
00:00
Entzun
Badakite ez duela deus aldatuko. Eskuina segurtatzea da kontua. «Intseguritate sentimenduaren» mamua. Errazenetik tiraka, hau da, etxegabekoen eskubideetatik. Bizia meritu kontu bat dela pentsatzen duenari indarra ematea. Hark lortu badu, merezi duelako. Eta zuk ez baduzu lortu, ba, merezi ez duzulako. Sinplea da ekuazioa. Hirietako 4x4a bezala. Azken urtean saldu autoen artean, kasik bietatik bat, hiriko 4x4a. Auto arrunta baino bost aldiz gehiago kutsatzeaz gain, oinezkoa harrapatzen badu, oinezkoak bi-hiru aldiz arrisku gehiago du hiltzeko. Baina hiltzen direnak, besteak.

Etxegabe bat hil zen joan den igandean Baionan. Nelly zuen izena, 51 urte zituen. Turismo bulegoaren ondoan bizi zen. Bi egun lehenago, karriken edo beste eremu publikoen «gehiegizko okupazioa», «jarririk edo etzanik», «ordena publiko egokia eta sosegua trabatzea» debekatu zuen, dekretu bidez, Jean Rene Etxegarai Baionako auzapezak. Luzea da dekretua, detailez betea eta dikotomikoa. Alde batean «agresibitatea», «alkohol gehiegikeria», «orrokoak», «zakur anitz dituztenak», eta parean, «terrazen erabiltzaileak», «oinezkoak» eta «biztanleak». Hauek ez dira, hortaz, ez oinezko, ez biztanle. Debekatua ere musika hedatzea, janaria berotzea, eta zuriketak hedatzea. Aspaldian ari dira hiri barnak gentrifikatu nahian. Espazio publikoa pribatizatzen, ostatuen terrazak hedatzen, plaza publikoak husten, banku publikoak txikitzen, eta polizien presentzia handitzen.

Euskaraz erraten da etxeko sua etxeko hautsez estali behar dela. Frantsesez ideia bera horrela adierazten da: zuriketa zikinak familian behar direla garbitu. Aspaldian bada zuriketak leihoetatik hedatzeko debekua hiri barneetan. Aurreiritzia hauxe: herrialde pobreetan baizik ez direla zuriketak ikusten dilindan leihoetatik. Eta jakina da Lapurdiko hiriak ez direla hiri pobreak. Hemen zuriketarik ez, hemen zurikeria nahiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.