Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Zer da egia?

2021eko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Hil baino urtebetelehenago argitaratu zuen Francis Baconek (1561-1626) gezurrari buruzko testu ezaguna. Liburu beraren hirugarren argitaraldia zen hura eta, aurrena 1597an inprimatu zuen. Joan Ebanjelariak jasotako galdera batekin hasi zen Bacon: «Zer da egia?». Galdera Joanek jaso zuen baina Pilatosen iseka bat zen, erantzunik espero ez zuena.

Baconek, Pilatosen joko horretan, askatasunaren gozamena detektatu zuen. Baconek, bere XVI. mendetik, pentsatu zuen Pilatosen ildo filosofikoa aspaldi bukatu zela, nahiz eta aitortzen zuen oraindik bazirela antzinako ideia horiek zeuzkaten buruak. Baconen aburuz, gezurrak afizioa sortzen du esaten duenarengan. Jaso zuenez, poeten gezurrek plazera sortzen dute eta merkatarienek irabazia, baina poeta ez bazara, ezta merkataria ere, maitasun aski tautologiko bat duzu gezurrarekiko: maite dituzu maitatzearen plazerez.

Baconentzat egia argiaren pareko zen, afera soil eta delikatua, andre eta jabea, distiratsua. Baina gezur pittin bat gehituz gero, edertasun horri plazera gehitzen zaio. Azkenean zalantza gutxi zeuzkan filosofoak: «Ez al da ukaezina gizakiaren ulermenetik kentzen badira iritzi soilak, lausenguzko itxaropenak, apreziazio faltsuak eta ilusioak, pertsona asko gaitasungabe geratuko liratekeela ala atsekabetuta, malenkoniaz beteta eta etsipenez?».

Eta orduan Baconek, poesiari vinum doemonum deitu zion Jeronimori erantzunez, esan zuen baietz: poesiak irudimena pizten du, mozkortzen du, baina poesia gezurraren itzala besterik ez da. Baina gezur kaltegarria, gezur sakona, ttar-ttar zikintzen duena, lehen aipatutako gezurra da: iritzi soilean oinarritzen dena.

Afera da, gezurrak ez bezala, egiak ez duela jaberik, ala Baconek esan bezala «egia bera» dela «bere buruaren epailea». Ikertu dezakegu, gerturatu, are plazerez bilatu, baina gizakiaren mugekin egingo dugu topo.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.