Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Kultur kritikaz eta tentetzeaz

2021eko martxoaren 13a
00:00
Entzun
Gutuna, formatu gisa, ia desagertu da. Gure bizitza pribatuaren pornografiarako balio duten sareek kontrako itxura badute ere, ia ez dakigu ezer besteez. Gauza bera gertatzen omen da egungo margolariei buruz ere Jean Clair-ek idatzi berri duenez, Pierre Bonnard eta Henri Matisseren gutun argitaratu berrien sarreran: «Margolari garaikideez ez dugu ezer, ala ia ezer. Telefonoak, jakina denez, idazkera suntsitu du. XIX. mendean korrespondentziaren goraldi nabarmena gertatu zen, Bigarren Mundu Gerraren amaiera aldera hiltzen hasiko zena. Zaldi bidezko postarekin hasi eta telegrama eta gurpilekin bukatuko zen urrezko mendea izan zen. Inpresionismoaren garaian izan zuen gutunen generoak bere goraldia, atelierraren bakardadea gainditzeko balira bezala gutunak [...]».

Bonnard eta Matisseren arteko gutunak ez dira guretzat bereziki distiratsuak, nahiz eta berrogei urteko laguntasun handi baten isla badiren, eta, nahiz eta, sarri, informazio nabarmena edizioan egindako oharrak diren, «desgrazia txiki eta handiak» partekatzen dituzte oharretan, eta pasio bat.

Korrespondentziaren ekuadorrean badira, halere, bi pasarte txundigarri. Bonnardek Matisseri 1933ko iraileko gutun batean, Adolphe Basler arte kritikariaren artikulu baten kontura diotso: «Arrazoi dudala konturatu naiz pentsatzean [kultur kritikatik] norbait zoriontzen denean beste norbait gogaitarazteko izaten dela».

Hurrengo urteko urtarrilaren 13ko gutunean Matissek lagunari eskertzen dio gutunak «ahal den ongirik eta handiena egin diola tentetzera behartu duelako». Ez da tentetzea Matissek esaera gisa erabiliko duen lehenengoa. Beste behin, André Gide irakurtzen ari zela ere idatzi zuen Giden lerroei esker «goiz hartan tentetu zela».

Sarri ahazten zaigu, destainaz mespretxatzeraino, gutun pribatuak ez zitzaizkiola munduari idatzi, baizik eta igorleari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.