Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Azken gutuna

2021eko uztailaren 24a
00:00
Entzun
Felizitas esaten zion Walter Benjaminek Gretel Adornori. 1940ko uztailaren 19ko gutuna izan zen Benjaminek igorriko zion azkena, frantsesez, Lourdesetik. Hura izango zen igorriko zion azkena gainera. Benjik jasotako aurreko gutuna ez dut irakurtzerik izan (uztailaren 8an bidali omen zion Gretelek, Benjaminek aipatzen du, baina ez da korrespondentzian jaso). 1940ko maiatzaren ondarrean Egon eta Lotte Wissingek eta Theodor eta Gretel Adornok ezkontza baten ospakizunetik idatzi zioten, Bostondik. Pozaren eta beldurraren arteko konbinazio bat ziren ingelesez idatzitako lerroetan.

Bitxia da antzeko konbinazio batetik aritu zitzaiolako Walter Greteli ere, bere aurreko gutuna «kontsolagarri» izan zitzaiolako, «are zehatzago: poza [sentitu zuen], nahiz eta ez dakidan garaiotan sentimentu hori bizi ahalko dudan». Istripuak eten zuen Benjaminen bizitza; hala, gutun hartan gauza asko geratzen dira pendiente, ez dago azken gutunaren kontzientziarik. Igorlearen heriotzak egin zuen azkena.

Nabarmena da (hautatutako hizkuntzatik jorratutako gaietara) zentsura pasako zuen gutun bat izkiriatu zuela Benjaminek. Hitz egiten du bere bihotzaren hauskortasunaz, egin nahi dituen pausuez, Gurseko esparrutik askatu duten arrebaz eta gainean daraman liburu bakarraz. Irakurtzen duzu behin eta berriro gutun hura, Notre Dame karrikako zortziko data duena, eta ikusten duzu gutunak idazten jarraitu behar zuen norbait eta ez handik aste batzuetara, faxismoak izututa bere bizitza gainetik kenduko zuen gizonaren eskua.

Badu, gizakiak denborari asmatu dion logikak, egutegiak, gauza lakoniko bat. Azken gutun hori baino hamar urte lehenago, ia egunez egun, idatzi ziolako Benjaminek lehenengo gutuna, garaian Karplus zen Greteli. Kasualitateen krudela, funtzio fatikoaren ostean, Bejaminek edertasunarekin lotu zuen Berlindik urruntzea: «Berlindik urrun, mundua ederragoa egiten da eta zabaldu egiten da, […] isiltasunaz gozatzen dut».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.