Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Errealitatea desitxuratzen

2021eko irailaren 23a
00:00
Entzun
Agertu da NavarraSumako ordezkaria eta salaketa egin du prentsaurrekoan, koalizioaren ustean —inoiz ez apalean— Nafarroako ikastetxe publikoetan eta ikastoletan ibiltzen diren Txanela eta Eki proiektuetako liburuek errealitatea desitxuratzen dutelako. Hori dela eta, debekatu beharko litzateke testu horiek erabiltzea eskoletan; guzion onerako, itxura mantentze aldera. Agian, garai ez oso urrun batean liburuak zentsuratzen zirela kontatzen duten liburuak ere baztertu beharko lirateke ikasgeletatik, metazentsura ariketa batean. Batek daki.

Iñaki Iriarteren agerraldiak nobela bat oroitarazi dit: China Miévilleren The City & The City. Nobela horretan, bi hiri etsaituk eremu fisikoa partekatzen dute, baina bereizten dituen muga ez da lineala. Karrika berean, etxe bat herrikidearena izan liteke eta hurrengoa arerio batena. Hizkuntza desberdinez mintzatzen dira batean eta bestean. Hiritarrak nolabaiteko gerra hotzean bizi dira eta hiri bakoitzeko bizilagunek ezin dute ondoko hiriarekin inolako harremanik izan. Ez ikusiarena egin behar diete aurkariaren eraikinei, autoei, baita biztanleei berei ere; baten bat sumatuz gero, oroimenetik kenduko dute, mugaz bestaldekoa sekula ikusi izan ez balute bezala. Debekaturik daude beste hiria aipatzen duten liburuak.

Miévillerena zientzia fikzioa da, baina ez esan ez direla gure hirietako zonalde batzuk baztertzen agintarien plangintzetatik, bertakoak ez balira bezala, eta ez diegula maiz ez ikusiarena egiten gure kaleak partekatzen dituzten zenbait gizakiri, gu geu ere herritarren zati handi batendako existitzen ez garen aldi berean. Fikziotik kanpo, Navarra Sumako kideak tematu dira errealitatearen itxura apaintzen, haiekin batera herriak eta hiriak zapaltzen dituzten hainbat lagun disko gogorretik ezabatuta; beste batzuk, aldiz, Navarra Suma gure artean ez balitz bezala bizitzen saiatzen gara, baina, tamalez, bada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.