Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Arga, Aramendia, Roch

2022ko urtarrilaren 29a
00:00
Entzun
Oso aste gutxitan Ekialdeko hiru gune ezinbesteko itxi dituzte. Abenduan Iruñeko Arrotxapeko Arga taberna itxi zuten 70 urteko bidearen ostean. Urtarrila amaitu aurretik Iruñeko Alde Zaharreko Roch kafea itxiko dute 124 urteren ostean (behin-behinean, printzipioz). Otsaila amaitu aurretik Zangozako Aramendia gozotegi mitikoa itxiko dute 124 urteren ostean: betirako. Arrazoiak banaka-banaka diferenteak dira, baina kasu bakarrean ez da negozioek ekonomikoki funtzionatzen ez duenik adierazi. Bereziki nabarmentzekoa da Arga tabernaren ostean inork ez duela erreleborik hartu. Eta are larriagoa Aramendiaren kasua: Ekialde osoan ez da Iker Aramendia gozogilearekin batera gozotegia aurrera eramateko inor mostradorean zegoen bere amak erretreta hartu eta gero.

Azalpen asko egon daitezke makroekonomiari lotuak, kapitalismo basatiari, ezkerraren meme sorta bat. Baina bada zerbait larriagoa, etxekoagoa, aitortzen lotsagarriagoa, eta da XIX. mendean eratu eta Ekialdean bereziki 1960-70eko hamarkadan goia jo zuen langile mugimendu antolatuaren garaipenaren ostean (soldata igoera basatiak bigarren sektorean, zerbitzu publikoei lotutako lanpostu publikoen zabaltzea, auzoetako zerbitzu sozial eta hezkuntzazkoak) etorri den porrota: klase ertainekoen utopia indibiduala.

Zeren inork ez du nahi bere alabak larunbatetan lan egitea, eta nahi du izan ditzala hamar aste jai urtean, eta izan ditzala etxe bat eta erdi jabetzan eta bi ibilgailu. Baina gero klase ertaineko orok nahi du Rocheko frijitua, Aramendiako barboa eta pintxoa jan Argan egunkariko orriak pasa bitartean. Datuekin eta sofistikatuago esan dezakegu, baina klase ertainaren aliantza naturala klase altuarekin da, eta hala segituko du garagardo kupelak besteek garraiatu eta jartzen dituzten bitartean. Zaporeen eta elkarguneen desagertzea ere bada porrot berdinaren beste nota bat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.