Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Nostalgia kaltegarriaz

2022ko otsailaren 5a
00:00
Entzun
Luzaroan deitu zaio Europa mendebaldean Hogeita hamar loriatsuak 1945etik 1975erako ziklo politiko-ekonomikoari. Bigarren Mundu Gerraren osteko eraikitze fasetik 1973-79ko petrolioaren krisira, langile mugimendu indartsu batek inoiz kapitalari egin zaion ofentsiba handiena egin zion orduan, langabezia desagertu zen, bigarren sektorea indartu, jaiotzak disparatu eta jaioberrien eta haurren heriotzak nabarmen jaitsi, zerbitzu publikoen programa zabal bat jarri zen martxan, igogailu sozialaren ideia egonkortu.

Oso bestelako hamarkadez aritu da egunotan, bere azken liburuaren argitalpenaren kontura, Jacques Rancière Interdit d'interdire saioan. Azken urteetako irrati kronikekin osatutako lanari Hogeita hamar ez loriatsuak deitu dio, hain justu SESBen porrota eta Irakeko lehenengo gerratik (1990) gaur egunerako zikloari. Ziklo hau bi zutabetan oinarritu da: kapitalismo parlamentarioa (demokrazia liberala bere praktikan sinesten duten hitzetan) izan du sistema politiko eta kapitalismo neoliberala (merkatu librea bere defendatzaileen aburuz) ekonomiko. Eta ondorioz, aztertzen duena erakunde karitatibo kristau bat izan ala sindikatu iraultzaile bat, Mendebaldeko jende xehearen, gehiengo %80aren txirotze masiboa gertatu da ekonomikoki, eta langileen desartikulazioa politikoki. Ziklo honetan egon dira, noski, ordura arte egon ez ziren gerrak eta bonbardaketak Europan ere.

Rancièren argazkia hain da beltza, ñabarduretan gris ilunetik ez dela pasatzen ere. Eta horregatik da bitxia arau politiko eta ekonomiko hauei aldaketatxoak eginda mundu justu bat egin daitekeela aldarrikatzen duten indar politikoen jarduna. Ez ote den, besterik gabe, jardun horien bidez lortzen diren banakako soldata horien (enpresari, ordezkari, funtzionario) defentsa afera, gehiengo zabalen lepo. Inoiz bizi izan ez ditugun hamarkada loriatsuen inbokazioa delako izan genitzakeenen kontrako amarrurik nabarmenena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.