Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Anphora hautsiak

2022ko martxoaren 8a
00:00
Entzun
Duela urte batzuetako lagunek trauma itzela zuten Bernardo Atxagaren Etiopia liburuarekin. Irakurtzera derrigortu zituzten eskolan, eta honek eman zien buruko minik gehien. Maiz kontatzen zidaten irakasleak, temati, galdetzen ziela zein ote zen gaia; bukle batean txirikordatuta bezala jarduten zuela. Nik liburua atsegin nuela esan nien behin; eta, atoan, itzelezko purrustak entzun behar izan nituen. Inoiz gaia ateratzen zen eta nire atsegintasunaren aurrean berehala erantzuten zuten galdera batekin: «Esan, zein da, e!, zein da gaia?». Neure urtebetetzea heldu zenean Etiopia liburua oparitu zidaten. Papertxoa zekarren liburuak: Zein da gaia?

Egunotan, Hautsi da Anphora-ren aitzakiarekin, Etiopia hartu dut esku artera. Zein da gaia? Papera jausi da lurrera. Beilegituta daude orriak, marka gutxi dute; badago bateren bat, baina. Mugimendua eskatzen dizuna nuen akorduan, bestelakoz idatzirik dagoena. Eguneroko bizitza ikatza bezalako labexomorroak ixurtzen hasi zenean... Ahaztua nuen poema kantua baino luzeagoa zela. Memoriak hutsuneak... Errestaurantetik, homosexualak barik, bi marikoi bota zituzten, Miranderi ez zitzaion odolik atera, eta talde politikoek grebara deitu zuten abuztuko bakantzak ez alferrik galtzeko... Joan den mendetik ez nuen liburua irakurtzen, eta jabetu naiz ezberdin irakurtzen ari naizela. Zein disko egingo luke orain Etiopia-tikOrdorikak?

Egunotan anphora hautsiak han eta hemen ikusterakoan zaila da bertso ttikietan jardutea. Egunkari honetan Lander Arretxeak utzitako berbarekin bat egiten dut nik ere: nekezka.Etiopia eskuetan, lantzean behin burua goratu eta Ukraina-Polonia-Errusia ez hain urrunean jazotzen ari dena ikusten ari naiz telebista mutuan. Gerrak bizi izan dituzten belaunaldietatik gatoz guda hizki larriz ezagutuez dugun gure belaunaldikook. Burua beheratu dut Etiopia-ra: ...eguzkiaren jaki bihurtuko ziren malkoak galdu zituen leopardoak desertu zibilean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.