Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Zubiak

2022ko martxoaren 15a
00:00
Entzun
Bilboko itsasadarreko ertzetan harrizko etxola txikiak daude. Geratokiak dira, eta, zati bat babespean badago ere, batik bat, itsasadarrera zaramatzan eskaileretarako pasabidea da. Bertan hartzen ziren Gasolino esaten zioten motordun baporetxoak. Ezkerretik eskumara eta eskumatik ezkerrera egiten zuten. Itsasadarreko alde batetik besterako jende pasaera ohikoa aspaldiko kontua da. Motordun txalupa horien zubi-lanari esker, Erandio-Barakaldo bidea aise egiten zen.

Gasolinoak baino lehen, ordea, bazen ertz batetik bestera garraio lana egiten zuen txaluparik, baina motor bakoa. Zubi lan hori egiten zutenetako bat gure birraitita zen. Bere begiradapean hazi gara, gurasoenean badagoelako betitik arrauna ezkerrean ondo oraturik zuzen eta serio begiratzen zaituen gizonaren margolan handia. Bera da. Arraunak bustita heltzen omen zen etxera, eta gizon oso atsegina zela diote.

Erandio eta Barakaldo artean zubia egingo dutela irakurri dut egunotan. Ia 500 metroko zubi gainetik pasatuko dira ertz batetik besterakoan. Zubi mugikorra izango dela jakiteak poztu nau, izan ere, itsasontzi handiak sartzeko abagunea zabalduko baita. Maite ditut zubiak arkitektura eraikin legez. Gustatzen zait pentsatzea gizakiak elkar ulertzeko, elkarrekin topo egiteko beharrari erantzuten diola zubiak. Zer pentsatuko zukeen gure birraitaitak, misterioa da. Zubiak lana kenduko ziokeen, baina seguruen erretiroa hartuta egongo zen, eta irudika dezaket patxada betean zubi gainean Abraruntz begira.

Itsasadarrean zehar osteratxoak egiten ditudanean gustatzen zait gasolinoen etxola zeharkatu eta uretan jauzi egin orduko eskaileretako goiko aldean jesartzea. Itsaso gainean senti zaitezke, eta bada zerbait tarte ttiki batez mundua gelditzen duena. Simulakro bat baino ez da, mundua ez delako gelditzen. Nork ez du behar, baina, lantzean behin horrelako simulakrorik?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.