Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Multibertsoak, multiaukerak

2022ko martxoaren 22a
00:00
Entzun
Anti-unibertsoa existitu litekeela uste dute zientzialari batzuek. Alegia, Big Bang eztandaren aurretik denbora atzera egiten ari den unibertso bat egon litekeela, gureari ispilu egiten diona. Horixe idatzi dute Live Science izeneko agerkari batean. 2019an, Tennessee-ko zientzialariak (AEB) ispilu zen beste unibertso baterako atea zabaltzekotan ziren; ez dut aurkitu horren gaineko emaitzarik. Azalpenak txundigarri bezain ulergaitzak egiten zaizkit, eta dena zientzia-fikziozko film bat dela dirudi.

Beste unibertso baten existentziaren posibilitateak galderak sortu dizkit; baina, batik bat, egunerokotasunari lotutakoak izan dira.

Atzeraka dabilen unibertso horretan karramarroek atzera ala aurrera egingo dute? Noiz egiten dute lo: gauez... egunez...? Denborak ihes egiten dien sentsaziorik ote dute? Eta garrantzitsuena, une berean leku ezberdinetan egoteko gaitasuna ote? Hau galdetzen dut martxoa zoramena delako Bilbo inguruan bizi den kulturazale batentzat. Egun berean interesgarriak diren lauzpabost ekitaldi izan ditzakezu; jakina, ordu berean. Unibertso honetan hautaketa egin behar da. Hau edo bestea. Jainkosatasun ahalmenik ez. Hortaz, galtzen ari zara etengabean lau aukeretatik hiru ezin baitituzu goza.

Aspaldiko kontua da koordinazio falta, kultura aukera demasa; irtenbide zaila dugu. Honek, baina, zer pentsa handia utzi dit. Ikus-entzuleria berdina da, ez da gure unibertsoa bezala etengabeko hedatze prozesuan. Areago, anti-unibertsoaren batze prozesuan dagoela iruditzen zait, maiz. Gero eta gutxiago gara? Bai, irakurle estimatua, galdera egin behar da. Lau, bat, hiru, bost ala zazpi gara? Ez ei dago hau dena konpontzeko modurik lehiakortasunean planteatuz gero. Hots, ez dagoela jasotzailearen gogoak asebetetzeko pentsatua baizik eta, zelan esan, excel-ak betetzeko. Eta horrela beti izango gara galtzaile. Zelan egingo dute hau anti-unibertso horretan?
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.