Blanca Urgell
LARREPETIT

Bizitzaren gradu dualak

2022ko maiatzaren 11
00:00
Entzun
Aterpea zabaldu eta handik igarotakoen arrastoak ikusi ditugu non-nahi: beheko suan errautsak eta zigarro-mutxikinak, mahai gainean plater-edalontziak, botila bat ardo lurrean, aterki parea, mendiko bota bat, tanpoi baten zorroa eta norbaiten giltzak. Dakitenek badakite hondakinok joan den asteburukoak direnetz, joan den urtekoak, edo are zaharragoak ere.

Hizkuntzan ere badira atzo goizeko hitzak (koronabirus 2019?) zein lehenagokoak (kirol 1596, juntagailu 1712, biztanle 1745, ikurrin 1897, iruzkin 1905). Hitzek ez ezik hotsek, morfemek eta egiturek, ondo begiratuz gero, denboran atzerago eramaten gaituzte.

Iragana «iragartzen» laguntzen diguten zeren artean Jerzy Kurylowicz-en legeak daude. Adibidez, nonbait eta nonbaiten artean zaharrena nonbait da, ilunagoa baita —zergatik du atzizkia erdian (noNbait)?— (3. legea) eta gaur ez baita 'non' leku-kasua (zeregin nagusia), 'dirudienez' adierako adberbioa baizik (4. legea).

Honelakoak gogoan iragar dezakegu indikatibotik kanpoko aditz laguntzaileak (dadin, dezan) indikatibokoek (da, du) agintera, ahalera eta subjuntibora baztertu zituztela, nahiz Erdi Aroan aditz sistemaren erdigunean egon. XVI. mendean oraino etor zedin eta ekar zezan gaurko etorri zen eta ekarri zuen-en adierazpide arruntak ziren. XVII.ean perpaus nagusitik uxatu, eta mendekoetan babestu ziren: Urruititik ere berotzen du suak; zer eginen da, bada, hurbil dadinean? (Axular, 1643). Eta guk, egin ezazu bai, baina zer esango aiseago: etor naiteke ala etorri ahal naiz? Amak esan du ekar dezala ala ekartzeko?

Oro badoatzi. Ane, Itziar eta Kristinak, Mirenek, Unai, Julen eta Gorkak, Andonik, Leyrek, Ibon eta Peruk, Iratik, Martin eta Martinek, Jonek, Ibanek-eta badakite. Euskara eta pandemiari buruzko gradu duala amaitzera doaz, diplomak aitortu zein ez. Egin duten ahalegin eskerga berdinduko ahal die bizitzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.