Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Serioa ez dena barregarria izan liteke

2022ko maiatzaren 17a
00:00
Entzun
Donut itxura dauka Sagitario A*-k, alegia, erakutsi berri diguten zulo beltz erraldoi horrek. Esne Bidearen erdian dago eta edozein unetan irents gaitzake ezelango zalantza izpi barik. Honek ezdeus bilakatzen du (ia) dena. Oso urrun ei dago, asago, eta horrek lasaitu behako gintuzke. Nik ez dakit artega nagoen edo ez, baina «trankil, ez da gertatuko», diostie. Gertatzen ari dena da itsasoa oroimena galtzen ari dela. Ez diot nik, AEBetako Kaliforniako Farallon institutuan lan egiten duen Daisy Hui Shi zientzialariak dio. Jabetu dira krisi klimatikoaren eraginez zelanbaiteko amnesia garatzen ari dela itsasoa. Ez da itsas maila goratzen ari dela bakarrik, bere kolorea eta korronteak ere aldatzen ari ei dira. Sciences Advances aldizkarian kaleratu dute, baina ez dira hau uste duten bakarrak; Hawaiiko unibertsitate batean ere ildo beretik doaz. Eta guk jarraitzen dugu ezer pasatuko ez balitz bezala. Egunkari honetan berton irakurri nuen 2016tik 45 hotel zabaldu dituztela Donostian. Bilbon ere ari dira hotel gehiago zabaltzeko, eta nik pentsatzen dut ez ote den gertatuko etxebizitza hutsekin gertatzen den bezala: gehiegi daudela. Gauza serioetatik barregarrietara eta gero serioetara pasatzen den lagun arteko solasaldi batean kontatu didate datorren maiatzaren 24an estralurtarren etorrera itxaroten dutela. Albiste hau, oso oker ez banago, serio eta barregarri artekoan gertatu zen, eta mahaian zegoen norbaitek esan zuen 28. mendetik etorritako denbora-bidaiari batek iragarri zuela ez dakit non.

Denok behar ditugu heldulekuak, denok behar dugu fedea non ezarri, zeri heldu unerik latz eta gordinenetan. Post-pandemia honetan batzuek joan den mendeko hogei zoroak berrasmatu nahi dituzten bitartean, nik etxea berrantolatzeari ekin nahi diot. Baina ez dakit zenbat denbora beharko dudan, edozein aurkikuntza txikik izozten baitu nire marikondokeria asmoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.