Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Hedabideen etorkizunaz

2022ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Zer esana eman dute Ramon Saizarbitoriak euskararen gainean esandakoek. Inoizko euskaldun kopururik handiena dago gaur egun —zioen—, baina inoizko erabilerarik txikiena. Kontzientzia linguistikoa galtzen ari garela (euskararena) uste du Saizarbitoriak. Eta honek akordura ekarri dit hanka puntetan bezala pasatu den albiste bat, neure baitan raka-raka dagoena. Euskal Hedabideen Behategiak eman zuen jakitera, Eusko Legebiltzarrean: gazteen %69k ez du euskal hedabiderik kontsumitzen. Lagun batek zehaztu dit izaera nazionaleko hedabideez ari direla azterketan, hots, tokian tokiko hedabideek badutela jarraitzailerik adin horretan; nazionalek, ostera, ez.

Josu Amezaga EHUko irakasleak esaldi aztoragarria utzi du: soka apurtzen ari da. «Hau da dagoena» esaldi paralizatzailetik gora, argi dago zerbait txarto egiten ari garela. Uste dut ahaztu dugula gure izatearen zioa, zergatik eta zertarako gauden. Eta non. Egunotan pentsatzen egon naiz kontua ez ote den talaia galdu dugula, dagoeneko nondik eta nora begiratu ez dakigula. Agian (euskal) identitatearen likidotasunarekin ere lotuta dago. Pasa didate Cntxt Espainiako hedabide digitalean argitaratutako artikulu oso interesgarria: La gran dimisión de los lectores (Irakurleen dimisio handia). Idatzizko hedabideez ari da, baina esango nuke baliagarria dela edozeinentzat. Hausnarketa sakona egitera deitzen du, eta onartzen du, bide batez, paradigma baten aldaketaren atarian egon gintezkeela, eta osterantzeko bideak jorratzeko/ asmatzeko, mamurtze sakona egin behar dela. Etorkizuna ahaztu dugu? Oraina?

Lankide gazte bati galdetu diot albisteen sakontasunarekin arazorik ote duen. Ezetz erantzun dit, bi orduko podcast bat lasai asko entzun dezakeela. Inertzia gehiegik itotzen gaituzte. Hurbiltasuna eta tala sendo bat behar direla esango nuke, eta arriskatze ariketak. Eta esperimentuetan porrot egiteko beldurrik ez. Soka apurtzen ari delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.