Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Demagun

2022ko ekainaren 14a
00:00
Entzun
Lehengoan, «alemanez hitz egiten dute batez ere» ziostan, kexu, Balear Uharteetatik etxeratu berri den ezagun batek. Turistak besteak dira beti, etsaia bezala, sekula ez baitugu geure burua turistatzat hartzen, turista garenean ere ez.

Amsterdameko aireportura heldu eta atoan Bilboko hegazkinean zihoan bikote bat heldu zen informazio txokora; eta baita haserretu ere, han espainieraz ez zekitelako. Ni beti txunditu nau kolonizatuaren inperialismo estrakorporeo horrek. Batzuetan zalantza dut jende askok ba ote dakien munduan barrena milaka hizkuntza hitz egiten dela. Kurioski, batzuei, txundigarria egiten zaiena da Eskoziako Highlands-etako aterpe galdu batean euskarazko hitzak aurkitzea bisitariari ongietorria emateko, edota Sardiniako herrixka batean katalanez entzun eta jabetzea hango bizilagunak direla, eta bai, katalanez aritzen direla normalean. Normala erlatiboa izan ohi da, zuk eta biok normaltzat har dezakeguna erabat ezberdina baita. Arnasgune esaten zaion toki batean bizi bazara, zure normaltasuna eta nirea, lubakietan, zeharo ezberdina da-eta.

Esaterako, nire medikuak ez daki euskararik. Lehengoak, bai; oraingoak, ordea, ez. Badago edozein zirrikitu baliatzen duena euskararen kontra egiteko, dela osasungintza publikoak duen mediku gabezia eta behar gorria, dela beste edozer gauza. Beste kuku batek kuku egingo lieke, aldiz, Osasun Saila hasiko balitz kontratatzen espainieraz ez dakiten lituaniar edota islandiar medikuak, oso onak direlako.

Ramon Saizarbitoria idazleak zioen euskarak arerioak dituela, baina gutxi direla, eta ez zaiela beldurrik izan behar. Bada, izan, ez bakarrik euskal herritar orok uler dezakegun hizkuntza, baizik eta munduko populazio osoak uler dezakeena: isiltasuna. Tamalez, gutxitan erabiltzen da. Edozelan ere, beti geratuko zaizkigu, konpai, Amazon Prime eta Netflix.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.