Kimek Mooni armagabetzeko keinu gehiago hitzeman dizkio

Adierazpen bateratu bat egin dute Ipar Koreako agintari gorenak eta Hego Koreakoak. Piongiang begiraleak onartzeko prest legoke

2018ko irailaren 20a
00:00
Entzun
Moon Jae-in Hego Koreako presidentearekin Piongiangen izandako goi bileran, Kim Jong-un Ipar Koreako lider gorenak adierazi du programa nuklearreko instalazio gehiago ixteko prest dagoela. Bi agintariek urtebetean egin duten hirugarren bilera da, eta Moonek presidente denetik Ipar Koreara egiten duen lehenengoa. Aurreko bileretan bezala, ez dute akordio argirik itxi, baina borondate oneko zenbait keinu iragarri dituzte adierazpen bateratuan. Kimek, esaterako, adierazi du zenbait begiraleri sartzen utziko diela misilak jaurtitzeko duen zentro garrantzitsuenean.

Ekainean AEBetako presidente Donald Trumpekin Singapurren izandako bileraren ondoren, Kimek Washingtoni erakutsi dio elkarrizketak berpiztu nahi dituela,eta esan du prest dagoela Yongbyongo zentralaren itxiera aztertzeko. Horren ordainetan, AEBei eskatu die Singapurren hitz emandakoa betetzeko —erregai atomikoa ekoizteko gune nagusia—.

Bakea lortzeko bidean bestelako pauso batzuk ere hitzartu dituzte. Piongiangen sinatutako akordioan adostu dutenez, mugako tropak gutxiagotu egingo dituzte, eta maniobrak bertan behera utzi. Horrez gain, bi agintariek sinatu dutebi herrialdeen arteko mugan militarrik gabeko eremuak ere ezarriko dituztela.

Akordio horren helburua da aukerak gutxitzea Ipar eta Hego Korearen arteko gatazka militarrak izan dadin. 1945ean banatu ziren bi herrialdeak, eta 1950etik daude gerran. Kimek eta Moonek sinatutako puntu horiek bezalakorik ez da izan lehenago.

Bi Koreen arteko lankidetzan sakontzeko neurriak ere iragarri dituzte. Besteak beste, trenbide eta errepide sarea batzea erabaki hartu dute, eta 2032ko Joko Olinpikoak batera antolatu nahi dituztela ere adierazi dute.

Kimek ziurtatu du urtea amaitu baino lehen Seulera joango dela berriz Moon presidentearekin batzeko. Historikoa izango da bilera hori, inoiz ez baita Ipar Koreako lider gorenik izan Hego Koreako hiriburuan.

Moonen hiru eguneko egonaldia amaitzeko, gaur Paektu mendira joango dira; tradizioak dio han sortu zela Koreako herria.

Irailaren 24an, Moon presidentea Trumpekin elkartuko da New Yorken, NBEren batzarraren aurretik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.