Inaki Galdos
ARKUPEAN

Bi

2019ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Bazegoen PSOEk emaitza onak lortuko zituen irudipena. Ez da munduko argiena izan beharrik horretarako. Asko zor dio Pedro Sanchezek Susana Diazi, agian honek Andaluziako hauteskundeak pasa den abendurako deitu ez balitu, ez zelako (ginelako) jabetuko Vox-ek zekarren arriskuaz eta ondorioz ez zelako PSOEri mesedea egin dion PPren eskuin muturrerako bidaia antzua gauzatuko, ezta sozialisten epika erresistente eraginkorra aktibatuko ere. Agian.

Kontua da, ordea, askok uste ez genuen moduan lortu dutela sozialistek garaipena, hau da, hemengo lau lurraldeetan nahiz Katalunian abertzaleak argaldu gabe, alderantziz baizik. Horra hor igandeko izenburu nagusienetakoa, nagusiena ez bada. Ohituak geunden hauteskunde orokorretako sozialisten garaipenak neurri handi batean abertzaleen bizkar eraikitzen zirela ikusten, baina ezberdina izan da oraingoa. Euskal hautesleen zati handi batek erabaki du bazegoela eskuineko hirukote maltzurra geldiarazteko bide eraginkorragorik PSOEri zuzenean botoa ematearena baino, bide batez sozialistek izan zezaketen (dezaketen) tentazioren bati ere aurre egiten zitzaiolako horrela. Hainbeste denbora euskal oasirik (edo Urkullu lehendakariaren bertsioa apalagoa den mikroklimarik) dagoenetz oldarka eztabaidatzen, eta horra hor denak ados jarrita gai honetan behintzat zerbait egon badagoela esaten.

Lau asteren bueltan hauteskunde berriak izango ditugula kontuan hartuta, ez dago denbora askorik akordio eta gobernu berriari buruz hitz egiteko. Are gutxiago presa eta premiarik igandeko irabazlearentzat. Axularri jaramon handirik egin gabe, luzamendutan ibiltzeko lizentzia hartuko du Sanchezek eta maiatzaren 26ko emaitzen zain egongo da erabakiak hartu aurretik eta, agian, bere gobernuaz gain, han-hemenkako beste zenbait gobernu autonomiko eta udalen egonkortasuna ere lotu nahiko du pakete berean. Eta maiatzean Ciudadanosek PPri beste puska bat jaten badio, definitiboki esango diogu agur PSOE eta Riveraren arteko akordio bati, orain ere aukera urriak dituena. Gozoegia da katalanarentzat eskuineko gidaritza lortzeko geratu zaion aukera, sozialistekin besarkatzen hasteko. PP askoz gorago geratu balitzaio, agian. Orain, ez.

Era batera edo bestera Sanchezek EAJ bidelagun izango duela ez du inork zalantzan jartzen. Orain arte biei etorri zaie ongi eta horretan jarraituko dute, are gehiago hiru lurraldetako erkidegoan dozenaka erakundetan elkarrekin dihardutela kontuan izanda. Eztabaidagarria da—iraingarria ere bai— aspaldi eskualdatuak behar lituzketen duela lau hamarkadako eskumenekin horrela ibili beharra, baina elektoralki eraginkorra ere bai, izugarri eraginkorra. Zerbaitegatik ekin dio EH Bilduk ere bidaia esparru horri.

Baina UPNrenak pizten dit niri jakin-nahirik handiena. Eta harrituta nago, bakarrenetakoa naizelako. Oso erraz batu dituzte guztiek Navarra Suma koalizioak lortutako bi eserlekuak eskuineko blokera. Eta, jakina, eskuinekoak direla ukatu gabe, ez dakit ba Esparzarenek ez duten tentaziorik izango matematikoki fruitu handirik eman ez dituen Madrilerako koalizioa amortizatutzat emateko eta euren alderdiarenak dituzten bi diputatu hauek dantzan jartzeko. Ezin ahaztu lehen ere eginak dituztela elkarren arteko tratuak eta 175etik 177ra doan urrats txiki baina aldi berean handi hori ere ahalbidetu dezaketela.

Nafarroako Legebiltzarreko emaitzei begiratu beharko lehenago, dena den. Horra hor maiatzera begira borrokarik garrantzitsuena. Gerta daiteke sozialistek askok uste eta nahi zutena baino pisu handiagoa izatea baina, zailtasunak zailtasun, badirudi aldaketaren gobernuaren koalizioak aukerekin iritsiko direla hauteskunde berrietara. Beste lehia interesgarri asko dauzkagu zain Hegoaldeko lau lurraldeetan, baina Nafarroa Garaian gertatuko denak sekulako garrantzi historikoa dauka. Eta asko poztuko naiz azkenean fundamenturik gabeko burutazio bitxia besterik ez bada, baina UPNko bi diputatu horiek niri loa kentzen hasiak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.