Olaizolak 11.a nahi du

Albisurekin hartuko parte Zarauzko torneoan. Lehen finalerdia hilaren 15ean jokatuko da, Azkoitian; eta bigarrena eta finala, Arizbatalden

Parte hartzaileak —Artola falta da—, Zarauzko udaletxearen aurrean. G. R. / FOKU.
Zarautz
2019ko abuztuaren 3a
00:00
Entzun
Xabier Txurruka Zarauzko alkatearen hitzetan, herriko uda ez litzateke bera izango torneo hau gabe, eta Zarauzko «Aste Nagusia» ongi bukatzeko ederra dela deritzo. Gauzak hala, lau bikote izango dira aurtengo torneoan ere: Irribarria-Rezusta, Olaizola II.a-Albisu, Altuna III.a-Martija eta Artola-Mariezkurrena II.a. Artola eta Albisu iazko txapeldunek, beraz, ez dute tituluari elkarrekin eusteko aukera izango.

Azken urteetako ohiturari jarraikiz, lehen finalerdia Azkoitian jokatuko da, hilaren 15ean. Irribarria-Rezustak eta Olaizola II.a-Albisuk neurtuko dituzte indarrak. Olaizola eta Albisu goraka ari dira, baina asko kostatzen zaie irabaztea elkarrekin aritzen direnean. Bigarren finalaurrekoa, berriz, Zarautzen jokatuko da, hurrengo egunean. Altuna III.a eta Martija, Artola eta Mariezkurrena II.aren aurka lehiatuko dira. Aurtengo binakako txapelketan parte hartu zuten bikoteetako bi dira. Bi aldiz jokatu zuten elkarren aurka ligaxkan, eta bana irabazi zuten. Finalari dagokionez, 18an jokatuko da, Zarautzen.

Zarauzko torneoa aipatzean izen bat nabarmendu behar da beti: Aimar Olaizola. Aurkezpenean gogoratu zioten hemeretzi urte pasa direla aurreneko aldiz irabazi zuenetik, 2000. urtetik. Oskar Lasa alboan zuela altxa zuen torneoa, finalean Tirapu eta Belokiri 22-18 irabazita. Ondoren beste bederatzi etorriko ziren. Arizbatalde pilotaleku bitxia da; deserosoa da atzelarientzat, eta kantxa estua du. Aurrelaria saihestea zaila da, eta errematatzea ere bai. Olaizolak, baina, oso ondo dio hartua neurria.

Hamar aldiz irabazi du, eta bederatzi atzelari ezberdinekin. Iñaki Otxandorena da Goizuetakoarekin errepikatu duen bakarra (2004 eta 2006). Besteak, Oskar Lasaz gain, Ruben Beloki (2002), Oier Zearra (2005), Oier Mendizabal (2009), Jon Ander Albisu (2012), Ibai Zabala (2014), Mikel Beroiz (2015) eta Alvaro Untoria (2016) dira. Harreman gozoa du torneoarekin, baina okertzen ari da, azken hiru urteetan ez baita igaro finalerdietatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.