Gozatuz eta gozaraziz

Lointek Gernika Bizkaiak garaipen ikusgarria lortu du Eurokopan, 36 punturen aldeaz irabazi baitio Malosten Uni Gyorri: 77-41

Julen Etxeberria.
2019ko urriaren 24a
00:00
Entzun
Gozatzeko eta gozarazteko lehiaketa izango da denboraldi honetan ere Eurokopa Lointek Gernika Bizkaiarentzat. Itxura hori du, behintzat, ligaxkako bi partidak jokatuta. Bikain aritu da Bizkaiko taldea bietan: duela astebete, Salamancan (Espainia), estreinakoan, gai izan zen Perfumerias Avenida ahaltsuari bere kantxan hortzak erakusteko; eta atzo, Malosten, bigarren neurketan, astindu latza eman zion Uni Gyorri: 77-41.

Itxuraz, Hungariako taldea izango da gernikarren aurkari nagusiakanporaketa jokatzeko. Beraz, oso garrantzitsua da atzoko garaipena, irabazi ez ezik, alde handiz egin zuelako, 36 punturengatik. Puntu aldea erabakigarria izan daiteke, eta atzo, lehia horretan nagusitzeko urrats ia erabakigarria egin zuen Mario Lopezek entrenatutako taldeak. Hasteko, Uni Gyor gainditu du sailkapenean, eta bigarren da F multzoan. Perfumerias Avenida du aurretik, garaipen batekin ere, baina ezusterik ezean, espainiarrek gaur lortuko dute bigarrena, Portugalen, Olivaisen aurka.

Defentsako lan bikainari esker nagusitu zen Gernika atzo. Horren erakusle da Uni Gyorrek 41 puntu bakarrik sartu zituela. Bigarren laurdenaren erdian jo zuen kolpea etxeko taldeak, ordu arte ia beti aurretik joan arren, ez baitzuen lortu alde handia lortzea: 25-20. Baina defentsan estutu, Ygueravide eta Hruscakova ezerezean utzi eta erasoan eraginkor izanda, ziztu bizian hasi zirengernikarrak. Hala, hamabost puntu gora ziren lehen zatiaren amaieran: 39-24. Asko falta zen, baina bideratua zuten lehia, are gehiago egurrean jarraitu eta aldea handituz segitu ondoren, 36 puntukoa izan arte. Gozatu egin zuten Gernikako jokalariek atzo, eta haien jokoarekin gozarazi zituzten zaleak. Nikolina Milic izan zen lehiako onena, 24 puntu sartuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.