Macronek gobernuan mantenduko ditu orain arteko ministro gehienak

Dupond-Moretti abokatu ezaguna da berrikuntzetako bat. Justizia ministro kargua hartuko du

Eric Dupond-Moretti Justizia ministro berria izango den abokatu ezaguna, artxiboko irudi batean. YOAN VALAT / EFE.
Jone Bastida Alzuru Gorka Berasategi Otamendi
2020ko uztailaren 7a
00:00
Entzun

Frantziako Gobernu berria osatuko duten ministroen zerrenda jakinarazi zuten atzo, eta hautaketak agerian utzi du Macronek orain arteko gobernu kideen esku utziko dituela aurrerantzean ere ardurarik garrantzitsuenak. Hogei ministrok osatuko dute gobernu berria aurreko aldian baino ministro bat gehiago izango da. Horien artean, lau dira soilik kide berriak: Roselyne Bachelot Kultura ministroa, Barbara Pompili Trantsitzio Ekologikorako ministroa, Amelie de Montchalin Funtzio Publikoaren Eraldaketarako ministroa eta Eric Dupond-Moretti Justizia ministroa.

 

Azken hori aski ezaguna da Frantzian, azken urteotan politikan eta hedabideetan oihartzun handia eduki duten kasuetan aritu baita abokatu gisa. Besteak beste, Bernard Tapie enpresaburuaren auzian, Abdelkader Merah islamistarenean, eta Julian Assange kazetariarenean.

Gainerako hamaseiak, aurretik gobernuan zeuden ministroak dira. Horietatik zazpik ardura berriak izango dituzte. Gerald Darmaninek Barne Ministerioa gidatuko du; Elisabeth Bornek, Lan Ministerioa; Franck Riesterrek, Atzerriko Merkataritza Ministerioa; Julien Denormandiek, Nekazaritza Ministerioa; Sebastien Lecornuk, Itsasoz Haraindiko Ministerioa, eta Annick Girardinek, Itsasoko Ministerioa.

Beren orain arteko karguan jarraituko dute Florence Parlyk Defentsa, Olivier Veranek Osasuna, Jean-Michel Blanquerrek Hezkuntza, Bruno Le Mairek Ekonomia, Jean-Yves Le Drianek Atzerri Gaiak, Frederique Vidalek Ikerketa eta Berrikuntza, Jean-Baptiste Djebbarik Garraioa eta Jacqueline Gouraultek Lurralde Kohesioa.

Lehen ministroaren gertuko izango dira Elisabeth Moreno Berdintasun ministro ordezkaria eta Marc Fesneau Parlamentuarekiko Harremanetarako ministro ordezkaria.

Macronek aurretik esana zuen gobernuari norabide berri bat ezarri nahi diola. Ziurtatu du agintaldiaren azken urteetan lehentasun izango duela koronabirusak eragindako krisiari aurre egitea. «Nire politikaren ardatza 2017an ezagutarazi nuen proiektua da oraindik ere. Baina nazioarteko aldaketetara eta bizitzen ari garen krisira egokitu behar da: bide berri bat markatu behar dugu», adierazi zuen herenegun estatuburuak.

Bi urte barru egingo diren presidentetzarako bozei begira ere egin du gobernu hautaketa. Kartak aldatu behar izan ditu duela bi aste herriko bozetan Errepublika Martxan bere alderdiak jaso zuen astinduaren ondoren, eta mezua ere moldatu du egoera berrira. Presidenteari ez zaio oharkabean pasatu berdeek udal bozetan izan duten gorakada.

Hala, iragarri du helburu izango dituela gizarte politikak eta ingurumenari lotutako neurriak sustatzea ere, eta «ordena errepublikano justua berrezartzea» eta «Europako subiranotasuna babestea».

Macronen adierazpenak tentuz hartu dituzte, baina, EELV alderdi ekologistan. Berdeek argitu zuten ez zutela presidenteak iragarritako gobernu berrian parte hartuko. EELVko eurodiputatu David Cormanden iritziz, ez dago sinesterik ingurumena eta gizarte gaiak gobernuaren egiazko lehentasun direnik.

Gehiengo zabalaren bila

Egokitze testuinguru horretan aukeratu zuen Macronek Frantziako lehen ministro berria, joan den ostiralean: Jean Castex kontserbadorea hautatu zuen kargurako, Edouard Philippen tokia har dezan. Philippek dimisioa aurkeztu zuen joan den ostiralean, deseroso zebilelako gobernuburu lanetan, Macronekin zituen desadostasunak tarteko.

Castex lehenengo egunetik agertu da parlamentuan gehiengo zabala osatzen duten Martxan, MoDem, Agir eta beste talde txikiago batzuen arteko elkarrizketa sustatzearen alde, eta adierazi du horiekin duen harremana dela «garrantzitsuena», eta horri eutsiko diola. Indar horietako ordezkariekin biltzen hasi zen atzo.

Martxan 281 diputaturekin gelditu da Asanblea Nazionalean, azken asteetan hainbat ordezkarik taldea utzi ostean. Modu horretan, Macronen alderdia gehiengo osorako behar dituenak baino zortzi diputatu gutxiago dauzka.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.