Europako funtsen ehizan, «programa propioarekin»

«Herrialde ikuspegiarekin» jokatuko duela agindu du Pedro Azpiazuk. EH Bilduk, berriz, bere proposamenak baztertzea egotzi dio

Azpiazu eta Urkullu Eusko Legebiltzarrean, artxiboko irudian. JON RODRIGUEZ / EFE.
Irune Lasa.
2020ko azaroaren 28a
00:00
Entzun
Europako Batasunaren Next Generation funtsen ehizan buru-belarri sartu da Eusko Jaurlaritza ere. Ahalik eta diru gehien jasotzea da Gasteizko gobernuaren helburua, baina horretarako lehen urratsa da dirua jaso dezaketen proiektuak biltzea. Lehen zerrenda batek sortutako ika-mikaren ondoren, «herri gisa» jokatuko duela agindu zuen atzo Pedro Azpiazu Ekonomia eta Ogasun sailburuak, Eusko Legebiltzarrean. «Herri gisa heldu nahi diegu beharrezko eraldaketei, eta Euskadik programa propio bat aurkeztuko du; lankidetzarako eta batzeko espiritu argia duen programa bat». Abenduaren 29an onartuko du Jaurlaritzak programa, gero Pedro Sanchezi aurkezteko, hark urtarrilean Europako Batzordera eraman dezan. Lehen sosak 2021 erdialdera dira iristekoak, betiere Poloniak eta Hungariak EBren aurrekontuei jarritako betoa gainditzen badute.

Azpiazuk azaldu du programari buruzko xehetasun gehiago abenduaren 9an emango dituela, Eusko Legebiltzarrean egitekoa duen agerraldian. Zertzelada batzuk eman ditu, hala nola programak bi ardatz nagusi dituela: «Batetik, herrialdearen eraldaketarako apustuak daude, eremu estrategikoetan indarra jartzeko, elkarlan publiko eta publiko-pribatuaren bidez». Ardatz horrek lau esparru bilduko ditu, sailburuaren arabera: energia berriztagarrien sorkuntza, mugikortasun iraunkorra, zibersegurtasuna teknologia eskaintzaren ikuspegitik, eta pertsonen osasuna eta zaintza.

Bigarren ardatzean Europako funtsek jada abian dauden egitasmoak bultzatzeko balioko lukete, eta Azpiazuk sektoreak aipatu ditu: «Giza habitaten kalitatea, enpresen eta administrazioen digitalizazioa eta berrikuntza, hondamendi naturalak, eta bizitzan zeharreko ikaskuntza».

EH Bilduren kexak

Maddalen Iriarte EH Bilduko legebiltzarkidea, ordea, kexu agertu da, ez dagoelako Jaurlaritzak iragarritako marko eraginkorrik eragileek proposamenak egiteko eta erabakitzeko. Azaldu du EH Bilduk baduela proposamen sakon bat, «herri honek estrategikoki dituen beharrekin», baina, «ez dakigu non aurkeztu», gaitzetsi du.

Iriarteren aburuz, «akats estrategiko larria da batzuk bazterrean uztea, funts horiek duten garrantzia kontuan izanda, baina, batez ere, datozen belaunaldietan izango duten eragina kontuan izanda».

Urkulluk erantzun dio legebiltzarkideek euren proposamena egiteko aukera izango dutela Azpiazuk egitekoa duen agerraldian, eta, gainera, azaroaren 17an osatutako batzordeak hainbat eragilerekin bildu dela —dagoeneko hamar topaketa egin dituela zehaztu du Azpiazuk—. «Aldundiekin, hiriburuekin, Eudelekin, merkataritza ganberekin, ekonomia edo gizarte arazoetarako batzordeekin, enpresa elkarteekin, sindikatuekin, finantza entitateekin, kooperatibekin... Ehunka egitasmo proposamen jaso ditugu», esan du Urkulluk. «Beraz, zuk eskatzen duzun eragileen arteko elkarrizketa zabala, norabide estrategikoak eta lehentasunezko proiektuak zehazteko, martxan da eta irekita dago».

Urkulluk gaineratu du Iriarterekin azaroaren 6an egindako bileran, haren eskutik jasotako 123 neurrien agirian lau zirela Europako funtsen inguruan egindako eskakizunak: gobernantza eredua eta gardentasuna, herri gisa aritzea, proiektu eraldatzaileak izatea eta finantzaketa administrazio maila guztietara iristea. «Hitzez hitz betetzen ari gara zuen eskaera hori», esan dio.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.