Tragoa garratza izan da

Realak 0-2 galdu du Atletico Madrilen kontra, eta Espainiako Kopatik at geratu da. Txuri-urdinek sortu dituzte aukerak, baina ez dute asmatu

Realeko eta Atletico Madrileko jokalariak, lehia betean. REALA.
ainara arratibel gascon
2023ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Futbolean txukun sarmar joka daiteke, baloi jabetza izan... baina ez bada golik sartzen, gatza eta piperra falta dira. Golak biribiltzen du egindako lana. Eta, hain zuzen, Realari horixe falta izaten ari zaio denboraldi honetan nagusiki. Aurkariaren atea txiki egiten ari zaio. Atzokoan ere hala izan zen, eta ondorioa garratza izan zen, Espainiako Kopatik kanpo geratu baita, Atletico Madrilen aurka 0-2 galdu ostean. Final-zortzirenetan esan diote agur txuri-urdinek txapelketari.

Lehen zatiko hasierak eta amaierak ondo laburtzen dute partida. Hirugarren minutuan Synne Jensenek aukera garbia izan zuen, baina haren errematea langara joan zen. Horrek partidaren gidoia alda zezakeen, baina ez zen hala izan. Lehen zatiko azken jokaldian, berriz, Atletico Madrilek asmatu egin zuen. Lola Gallardo atezainak bizkor atera zuen baloia. Baniniri iritsi zitzaion, eta hark aurrera egin zuen Ajibarekin batera. Nigeriarrak zuloa topatu zuen Etxezarretaren eta Venagasen artean. Ez ziren ondo ulertu Realeko bi atzelariek. Baloia Marta Cardonak jaso zuen, eta, Elene Leteri izkin egin ostean, gola sartu zuen.

Bilatzen zuena aurkitu zuen jokaldi horretan Atletico Madrilek. Izan ere, espainiarrek Realari baloia ateratzen eta izaten utzi zioten, eta zelai erditik atzera egin zioten presioa, baloia berreskuratu eta aurrelarien abiadura baliatzeko. Reala, berriz, merezi ez zuen zigorrarekin joan zen aldageletara, Jensenenarekin batera, beste bizpahiru aukera garbi izan baitzituen.

Bigarren zatiak lehenengoaren bilakaera izan zuen. Realak zuen baloi jabetza, baina izan zituen aukera apurrak ez zituen baliatu. Atletico Madrilek, berriz, berea bai. 60. minutuan gola sartu zuen Ajibadek. Berriro ere Baninik eta aurrelari nigeriarrak lotu zuten golaren jokaldia, eta oraingoan azken hori izan zen golegilea. Bigun aritu zen jokaldi horretan Realaren atzealdea.

Arroyok Mirari Uria eta Amaiur Sarriegi atera zituen, erasoan zerbait aldatu asmoz. Realak ekinean jarraitu zuen, baina ez zuen Lola Gallardoren atea zulatzea lortu. Aurtengoan ere kanporaketa bakarra iraun du Realaren ibiliak Espainiako Kopan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.