Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Gau amandrea

2018ko azaroaren 29a
00:00
Entzun
Howard W. Campbell, Jr. antzerkigilea Jerusalemgo espetxe batean dago epaiaren zain. Bigarren Mundu Gerran aliatuen espioi izana, horren ongi bete du bere lana III. Reicheko Propaganda Ministerioan infiltraturik ezen AEBetako gobernuak jakinarazi baitio ezin duela publikoki onartu bere aginduetara aritu zela. Guzion etsai, gorroto dituen talde neonaziena izan ezik, aitormena idazten ari da ziega ilunean. Espioiaren bizimodu bipolarra islatzen du idazkian, bere kontzientziaren aurka jokatu baitu 1.000 urte iraun behar zuen inperioaren mezua zabaldu bitartean, nahi gabeko nazietan naziena.

Seguru asko, Solana kontseilariareneta bere saileko langileen aurkako mehatxuak idatzi zituen sasi-literatoak ez du sekula inongo ziegarik zapalduko; ez jarduera horregatik, behintzat. Ez du benetako idazlerik bere istorioa zabalduko Kurt Vonnegutek Mother Night, Gau amandrea, eleberri zinez gomendagarrian Campbellena trebeziaz eta ironiaz kontatu zuen eta bere mehatxuzko oharrak bezain anonimo eta ilun gordeko da. Baliteke Antzinako Erregimenaren Propaganda atalean aritzea, baina, nahiz eta tarteka garaipen txikiren bat izan Skolae programa zela eta, Iruñeko eskola batera deitu eta alabari zer postura eginaraziko ote zioten yoga saioan asaldatuta galdetu zuen aitarena, kasu ez du nobelaren protagonistaren maila erdietsiko. Beharbada, bipolaritatea litzateke gure bi protagonisten amankomuneko ezaugarria. Batak, erregimen naziaren kontrako lanean, mezu naziak sutsu zabaldu zituen, neonazien ikur bilakatzeraino; besteak, balizko moral kristauaren defentsan, eduki pornografikoko mehatxuak igorri dizkie Hezkuntza Departamentuko arduradunei. Hala ere, ongi pentsatua, horretan ere biak desberdin: Campbellek, barne-barnean, ideologia faxista arbuiatzen zuen; jazarle baldarrak, aldiz, mehatxuen edukia maite duela erakusten du, oharkabean Skolaeren beharraren eredu bihurtuta.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.