Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Azukrezko ametsak

2019ko urtarrilaren 19a
00:00
Entzun
Uda betea zen. Maiatzaren 31tik ekainaren 16ra jantzita eraman zuen maglia arrosa Franco Chiocciolik. Bere aldamenean izan zituen Lelli eta Chiappuci. Lejarretak bigarren—eta azken— etapa irabazi zuen Giroan. Iñaki Gastonek mendiko maglia eraman zuen etxera.

Baina ez zen hura izan uda hartan Italiako txirrindularitzaren albiste nagusia. Abenduaren zortzian Durrës-etik abiatu zen zamaontzia Bariko portura: 18.000 etorkin albaniar zeuzkan. «Gora Italia!» oihu egin ohi zuten Oscar Falaganek El afilador liburu-aldizkariaren hirugarren alean eder kontatzen duenez.

Baina uda hartako txirrindularitzaren albiste nagusia ez zen uda hartan izan. Ezta urte hartan ere. Italian gertatu zen, baina ez zen Italiako txirrindularientzako gertakaria izan. 2013an eratu zuen Francesco Frassi pisarrak Albaniako txirrindulari gazteen lehenengo selekzioa. Italiara 90eko hamarkadan eta 2000koan iritsitakoen semeekin. Hala, 2013ko Florentziako mundialerako prestatu zituen Frassik gaztetxoak. Bi esponsor lortu zituzten. Prest zeuzkaten Albaniako maglia gorriak. Lau txirrindulari zeuzkan, baina bosgarrenik gabe ezin zen Frassiren taldea aurkeztu. Lan kontuek huts egin eta halako batean pizzak egitera itzuli behar izan zen. Albaniar gazteen selekzioaz hitz egin zion Marco Betini lagunari (esnekiak banatzen lan egiten zuen). Hala eratu zuten txirrindularitzaren bi zaleek lehenengo selekzio hura: erreleboka lanean. Iltjan hamabigarren geratu zen Buffoni Sarian eta oso uda eskaxa egin zuen. Entrenatzaileak ahalik eta diskretoena izatea gomendatu zion. Irailean, Florentziako munduko txapelketan 200 txirrindulari atera ziren. Eta bala gorri bat gelditu zen hirugarren: Itjan.

Azukrea zeraman Vlora zamaontziak errefuxiatuek asaltatu zutenean. Gehienak atzera deportatu zituzten. Horietako batzuen semeak futbolari lerratu ziren. Itjanen aita beranduago iritsiko zen penintsulara, baina bere semea izango zen Albaniak nazioarteko txirrindularitzan irabaziko zuen lehenengo dominaren jabea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.