Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Maskara

2019ko martxoaren 7a
00:00
Entzun
Inauteriak bukatu berri dira, eta mozorroa kentzeko ordua iritsi da. Hainbatek, maskararen atzean ezkuturik, gehiegikeriak —handiak edo txikiak, nork bere neurrian— egiteko aukera baliatu dute.

Aurpegia estalita eta ezohiko jantziak erabilita, beren berezko izaera askatu dute, eta saiatu dira desio ezkutuak betetzen. Hortaz, zein ote da mozorroa, inauterietako janzkera ala gainerako egunetan erakusten dena?

UPN alderdi nafarrak, nafarretan nafarrenak, navarrísimoak alegia, foruen defendatzaile sutsu aurkeztu du bere burua sortu zenetik. Nafarroako nortasunaren aitzindariak —Nafarroako nortasun zehatz batenak, eta batez ere, gainerako identitateen aurkakoak— bere DNAn, modan dagoen esapidea erabilita, omen zuen Nafarroa eta nafarren eskubideak defendatzea, bai Madrilgo parlamentuan konbenio ekonomikoaren aurkakoen erasoen aurrean, baita Iruñean ere, Baskongadetako mertzenario inbaditzaileei aurre eginda. Egia da agintean izan bitartean Nafarroako Kutxa kanpoko talde bati—nongoa eta katalanari— saldu diola erdi prezioan, alderdiaren sorreratik bertako hizkuntza bat —esan beharra dago zein?— paisaia publikotik desagerrarazteko ahaleginak egin dituela eta Erkidego Foraleko zenbait herritarren eskubideen —esaterako Altsasukoenak, etorkinenak, LGTB pertsonenak— aurka aritu dela, baina albo kalte horiek guziak saihetsezineko bajak izan dira Nafarroako nortasuna defendatzeko borrokan. Horrelakoxea da UPNk erakutsi ohi digun aurpegia; orain arte. Maskara kenduta, Nafarroako inauteriak bukatzeko egun batzuk falta zirela izan genuen UPNren eta PPren arteko akordioaren berri. Azken urteetako PP zentralistena, eskuindarrena —ultraeskuindarrena, ez da esajerazioa—, Beltran eta bere ornitorrinkoena, Vox eta Csekin batera Hirutasun Saindua osatu duen alderdia izanen du bidaide. Batzuk maskara jantzita edo erantzita, inauterietan edo inauterietatik kanpo, gehiegikeriei emanak izaten dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.