Samara Velte.
LARREPETIT

Bizimodu europarra

2019ko irailaren 13a
00:00
Entzun
Azaroan kargua hartzekoa den Ursula von der Leyen Europako Batzordeko buru berria bere taldea osatuko duten komisarioak izendatzen dabil egunotan. Kartila batzuen izenburuek, ardura instituzionalak baino, publizitate kanpainak dirudite: ekonomiakoa Jendearentzat jarduten duen Ekonomia izango da; teknologia eta informatikakoa, Aro Digitalerako prest dagoen Europa; eta atzerri politikarako sailari Europa indartsuago bat munduan titulua jarri diote, nazioarteko negoziazio mahaiak boxeoko ring bat balira bezala edo.

Izendapen horiek ezagututa, susma zitekeen nondik joango diren Von der Leyenen politikak. Asteon jakinarazi du, ordea, migrazio gaietarako sailari nola deituko dion: Gure bizimodu europarra babesteko presidenteordetza. Protecting our European Way of Life.

Erabiltzen ditugun adierazpen eta hitzek, sarritan, esan nahi duguna baino gehiago erakusten dute pentsatzen dugunari buruz, eta Von der Leyenen egitasmoak agerian utzi du migrazioa bera ulertzeko era geroz eta chauvinista eta baztertzaileagoa datorrela Europara. Donald Trumpek hain ongi gorpuzten duen American Way of Life haren oihartzuna inolako konplexurik gabe iritsi da Bruselara.

Hasteko, definitu beharko litzateke zer demontre ote den European way of life; bizimodu bera ote dugun Kopenhagen, Tuteran edo Estoniako mugan. Esaldiaren premisa inplizituak dio badaudela balio «europar» batzuk, «gureak», migratzaileek nonbait partekatzen ez dituztenak. Baina are kezkagarriagoa da izenburuak dakarren aditza: «babestu». Migrazioa eraso gisara ulertuta, auzia segurtasunaren esferan kokatzen du Europako Batzordeak, eta ez harrerarako kulturaren edo aniztasunarenean. Europar gehienen historiari muzin eginda, orain arte eskuin muturrari aditu diogun mezu bat elikatzen du hartara: kanpokoarekiko izuan oinarritutako nazionalismo kontserbadore eta uzkur bat. Gotortuta bizitzea da, nonbait, European way of life.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.