Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Armada etorbidean

2020ko martxoaren 19a
00:00
Entzun

Orwellek, Ballardek eta Bradburyk arrazoi zuten: jendarteak gero eta itxura distopikoagoa hartzen du, eta zenbat eta denboran aurrerago egin, orduan eta kutsu apokaliptikoagoa erakusten du errealitateak. Ultraeskuinaren gorakada, espioitza eta kontrol teknologikoa edo gizakiak sortutako natur hondamendiak dira horren zantzu batzuk. Eta orain, eleberri edo ipuin futurista batean gertatuko balitz bezala, armadak gaitzak hustutako kaleak hartu ditu.

Distopiak orain Europan eta Ipar Amerikan gertatzen dira. Izurriteek munduko hainbat hiri eta herri hustu dituzte lehen —ez oso aspaldi, gainera—, eta herrialde beretan ohikoa izaten da armagizonek aldiko gobernuburuaren legea-edo ezartzea kaleetan: ia egoera normaltzat hartzen da. Baina kontu horiek beste kontinente batzuetan gertatu ohi dira, Afrikako, Amerikako edota Asiako herrialdeetan, hemendik oso urrun. Agerikoa da zer ekarpen egiten duten armadek, bai hangoek bai hemendik bidaliek, urruneko alde horietan; heriotzak saihesteko ahalegina eta biztanleen osasuna bermatzea ez dira eskuarki armadunen dohain. Zer rol hartuko ote du armadak gurean? Agian borreroen ondoan itxialdia eman behar duten emakumeen —ezin dut egoera itogarriagorik, ankerragorik irudikatu— alde aterako dira eta tratu txarrak saihesteko lana eginen dute. Akaso adinduendako eta ezgaituendako erosketak egiteko zerbitzua osatuko dute. Ospitaleko langileen lan karga arinduko ote dute? Edo kutxazain arituko dira supermerkatuan? Ez dakit zer sistema erabiliko ote duten armadako adituek lantegietan pilatzen diren beharginak kutsatu ez daitezen —esaterako, Nafarroako enpresa batean Iruñeko, Gasteizko eta Gipuzkoako 500 langile inguru orpoz orpo aritzen dira—. Auskalo.

Aldiko aginte gorenaren legea-edo betearazteko sortua da armada. Espainiako armadaren burua Felipe Borboikoa da orain, Juan Carlosengandik oinordetzan hartua, beste zenbait ondarerekin batera. Ezin dut asmatu egoera distopikoan, kritikoan edo estranbotikoan bizi garen.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.