Samara Velte.
LARREPETIT

Paperezko salbamendua

2020ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
«Pentsa, irakurtzen eta guzti hasi naiz». Derrigortutako etxealdiaren neurria islatu asmo zuen adiskidearen telefono bidezko deskribapenak. Gimnasioa eta tabernak itxita, luzea egiten ari zaio. Horregatik deitu dit aholku literario eske: «Etxean dauzkadan liburu gehienak eskola garaikoak dira».

Telefonoa eskuan, gure egongelako apaletara begiratu dut; pilatzen joandako izenburu mordoadauzkat handik so, berrogeialdiaren zain egon balira bezala. Eskainiko nizkioke batzuk, baina ezin gara elkartu. Gomendatuko nizkioke bere gustukoak izan daitezkeen tituluak, baina liburutegiak itxita daude. «Berdin du, Amazonetik eskatuko dut». Tristura sentitu dut, adiskideak hainbeste urtean erosiko duen lehen liburua ez duelako denda batean hartuko; ez duelako sumatuko Garoako atea gurutzatzerakoan sartzen zaizun antsietate apur hori, ordu erdi batean zabalduko zaizkizun aukera guztiengatik. Ez duelako jakingo zer den liburuei buelta eman, atzeko deskribapena —eta, batzuetan, barruko orriren bat— irakurtzea, zalantza egitea, liburuzainari aholku eskatzea, berriz zalantza egitea, eta badaezpada beste lauzpabosti buelta ematea, erabaki bat hartu aurretik. Liburudendatik atera eta metro batzuetara alea poltsatik ateratzea, eta kalean oinez zoazela irakurtzen hastea.

Internet bidezko salmenta eskain dezaketen hornitzaileek badute berrogeialdia pasatzeko modua; ez, ordea, tokiko denda txiki gehienek. Salmentarik gabeko hilabete bat hilgarria izan daiteke. Birusaren beste arrisku talde bat.

Interneten eskuratzeko moduko titulu batzuk zerrendatu dizkiot adiskideari, baina gogorarazi diot, hau guztia amaitzen denean, eta denok garagardotarako eta korrika egiteko gogoz kalera irteten garenean, gogoratu dadila nork lagundu zion berrogeialdian burua etxetik ateratzen, eta nork ordainduko duen prezioa ahanzturara itzuli orduko. Paperezko salbatzaileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.