Blanca Urgell
LARREPETIT

Houdiniren atzetik

2020ko martxoaren 25a
00:00
Entzun
Engaiamendua bizitzaren gatza da 68ko maiatzekoen neba-arreba txikiak garenontzat. Ezin izan gara hortik askatu 1979tik, adin nagusira heltzear ginela, ikastetxeko pasiloetan PSOEk eskuinari irabaziko zionetz eztabaidatzen ari ginen hartatik. Sarritan dezepzionatuak, sarritan sudurra estalita bozka ematera behartuak, sarritan amorratuak eta haserre, ez dugu horregatik etsi berrogeitaka urteotan, ez gara eszeptiko bihurtu, ez gara desengaiatu.

Pandemiak ustez ustekabean harrapatu gaitu, ostera, denetaz iritzia izaten eta ezeri paso ez egiten ohituta gaudenok. Diskurtsorik ez, baliabiderik ez. Babesgabeturik. Men egin beharrez. Ez da oraingo kontua bakarrik, ordea, urteetan munduak inguruan hartu duen deribaren ondorio baizik. Mozala jarri ziguten lehenengo, orain mozorroa. Zaldibarrenak egiazki zer esan nahi zuen irentsi ezinik ari ginela koronabirusaren zaborra etorri zaigu gainera, gure erkidegoen barren ustelak agerian utzirik.

«Lehendakaria biluzik dago!» oihukatu du umeak eta ez diogu oraindik behar beste arretarik jarri. Zilborrari begira ari gara. Nokeaturik. Teknologiak halako ilusio bat sortu digu, hilean ehun bat euroren truk mundua dagoela gure eskuetan. Zeinen oker geunden. Ihes egin dezakegu honezkero, barneko Itakara sikieran? Garaia heldu ote zaigu gure erantzukizun estainio horretatik askatzeko? Aitortu behar ote dugu mundua ez dela jadanik guk menderatu uste genuen hura?

Ez dut uste. Ez dakit behar bezain koherenteak izan garen, baina eskapismoa ez dago gure hiztegian. Etxealdia bukatzen denean (eta amets egiten dut egun batetik bestera, rau!, birusa suntsituko dela lainoa bezala) birpentsatu beharko dugu oraingo erantzun gaitasunik eza. Harriduraren soka, giltzarrapo eta kateak askatu, Harry Houdini berriak bagina bezala.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.