Samara Velte.
LARREPETIT

Pandemiaren umeak

2020ko apirilaren 3a
00:00
Entzun
Garaiok bestela ere absurdoak ematen bazuten, batzuoi zentzugabetasun dosi bikoitza egokitu zaigu: konfinatuta eta haurdunaldi betean, amaitzera doan mundu batean bizitza berriei ekitear bageunde bezala, etorriko den horrentzako planik gabe. Bestela ere galdera asko, eta orain erantzun bakar bat ere ez eskura.

Antsietateari eusteko, «egunean egunekoari begiratzeko» aholkatzen dute Youtubeko terapeutek. Baina haurdunaldia berez da etorkizunerako begirada bat: egunean-egunean haziz doan tripa bat ikusten dugu guk. Berrogeialdiak zer epe muga daukan ez dakigu, baina gure gorputzarena aspalditik dago idatzita: hor dago, haurdunaren kartillan, erditzerako aurreikusitako data laukitxoa, hamabost egun gorabehera. Naturari ezin zaio aldi baterako lan erregulazio txostenik ezarri. Garai surrealistenetan ere jaiotzen dira umeak, gehienetan esplikazio bakarra eskain diezaieketen gurasoen eskuetara: «Hau ez zegoen aurreikusita».

Agian, datorren belaunaldiaren sorrera garaiko irakaspen nagusietako bat izango da, paradoxikoki, guri irakatsi ez ziguten hori: bizitzaren ustekabeetara moldatzea dela ohikoena, hori delako, gutxi-asko, bizitzaren denbora-pasa gustukoenetako bat; guri planak aldaraztea.

Gu, ordea, planifikazioaren eta kontrolaren belaunaldia gara. Bizitza supermerkatuko apal bete bat zela erakutsi ziguten, eta gure lana aukeratzea baino ez zela. Oker irakatsi ziguten, eta horrela gabiltza orain, gimnasiako errutinak eta asteko janari planak diseinatzen, egunerokoa eta kontrol sentsazio apur bat berreskuratzeko. Gauzak ezin baditugu aurreikusi, ez gaude lasai. Haurrak lezioa ikasi gabe jaiotzen dira, zorionez, planifikaziorako behar neurotikorik gabe. Agian ikasgaia berriz errepasatzeko balio dezakete aste hauek gutako askorentzat: umeei eman nahi dizkiegun erantzun asko ez ote dizkiogun, egiaz, gure buruari eman gurago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.