Blanca Urgell
LARREPETIT

Askatasunaren adierak

2020ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Goizalde Landabasok txio batean gomendatu zuen Géraldine Schwarzen elkarrizketa (El País, 2020-04-06) ezin hobeto zetorkion egun hauetan etxean darabilgun gai nagusiari, askatasunari alegia. Ez dago esan beharrik askatasun hitzaren esanahia etengabe aldatuz doala mendez mende eta kulturaz kultura. Euskaraz, kristautasunaren eraginez gehienbat lotsagabekeria izatetik, Sabino Aranak independentziaren sinonimo bihurtu eta orain batez ere beste bi adieratan ulertzera heldu gara (Bobbio-k dixit): «(dena delakoa egiteko) oztoporik eza» eta «(nahi dugunaren arabera jokatzeko) autonomia».

Une honetan bi adiera horiek gure etxearen errepublika askera mugatuta daude. Estatuek errotik ebaki dituzte, aitzakia ezin hobeaz ebaki ere. Askatasun gutxiago segurtasun gehiagoren trukean.

Ez dut esango beharrezkoa ez denik. Haatik, Schwarzek kezka adierazten zuen zeinen otzan hartu ditugun are zentzurik gabeko neurriak ere. Eta iradokitzen zuen otzantasun horren eta hedabideetatik zabaltzen ari den izu-ikararen arteko erlazio zuzena. Finean, nazismoari bide eman zion egoerarekin lotzen zuen. Arbeit macht frei.

II. Mundu Gerraren ondoko garaiari norberaren, herrien, gutxiengoen askatasuna aldarrikatzea zegokion. Irrika hura ameskeria bazen eta ez bazen, XXI. mendea anitzez okerrago hasi da: 9/11z geroz terrorismo islamikoaren aurkako segurtasunaren izenean aireportuetan zenbat tona pote ez ote dira zakarretara joan, erabili gabeko gel errugabez beteak?

Oraingoan Jesus eta Jin eta Laura eta Ieltsu auzokoen dendak itxiarazi dituzte, baina ez aliexpressak eta amazonak. (Nahia lortzeko) oztoporik eza adiera berria sendotzen ari da, edota (bakoitzak nahi duen) hipotekaren edo mailegu pertsonalaren azpian bizitzeko autonomia. Horra hor etorkizunak iragartzen duen askatasuna. Lagun batek dioenez, prakak askatzeko tasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.