Blanca Urgell
LARREPETIT

Abasolo lehenengo!

2020ko ekainaren 10a
00:00
Entzun
Boomerra izanik, urtero 38-42 arteko zenbakiren bat zegokidan dena beti errenkadan egiten zen orduko ikastetxe hartan, Ugarte, Ugartondo, Unzeta eta gero. Orduan nola orain ere hala, gizarte honek erabaki baitu alfabetoaren araberako hurrenkera objektiboa dela eta, beraz, onena. Ja jai!

Ez da beti horrela izan. Alfabeto-ikurrak ordena jakin batean irakasten dira antzinatetik, bai, baina noiztik antolatzen dute giza-errealitatea? Irudika dezagun Alejandriako jakintsu horietako bat Hipokratesen testuetako hitzen sorta izeneko zerrenda nola maneatuko, eta «Eureka!». Horra erantzuna, segurki.

Guretzat abezearen hurrenkera hiztegiaren hurrenkera da, izan ere. Alabaina, mendetan gaikako ordena hobetsi zen eta, abezea baliatzekotan, gehienez lehenengo bi letrak-edo hartzen zituzten aintzat. «Hurrenkera ederra» Frantziako arrazionalismoak bihurtu zuen 1650 inguruan.

1741ean Martin Harrietek bere hiztegia «Jesuseko letrak bezala» antolatu, eta azaldu behar du hori zer den: «...eskuaraz atic hasten diren hitzak lehenik, gero betik hasten direnak, eta gero berzeac segida hartan, halatan noiz ere jakin nahi baituzu nola deitzen den aita franzesez, beha diozozu nola hasten den eskuaraz hitz hori, eta aurkitzen duzu ai hasten dela, goan zaite bada ai hitzac hasten diren plamura [orrialdera], eta aurkituko duzu aita, pere—.

Egun errealitatea abezeak gobernatzen du erruki gabe. Howard Wainerek (1984) grafiko txarrak egiteko eman zituen arauetan bati «Austria lehenengo!» deritza, herrialdeak alfabetoaren arabera apailatzeko ohituragatik, hots, datuen alderdi funtsezkoren batean oinarritzen ez den antolamenduak ikuspegi xelebreak sortzen dituela erakusteko.

Heldua da alfabetoa iraultzeko unea. Esango nuke Uribe, Urretabizkaia, Velte, Zaldua, Zelaieta eta Zubeldiak ere nirekin bat egingo luketela. Zaude, zaude. Kontua zein den, Abasoloren lekuan nahiago ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.