Blanca Urgell
LARREPETIT

Kirola garaiz

2020ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Azterketak buru-belarri zuzentzen nabilenez, ez naiz agian ongi jabetu, baina esango nuke askoren gogoko diren kirol horietako baten liga berriro abian dela, bazkaltzerakoan TB kate askotan betiko elastikoak ikusten ditugulako, betiko belar berde mardula hankaz betea eta betiko garrantzi handirik gabeko albiste zaparrada itzela. Horixe da kirolak gure gizartean daukan arrakastaren neurria.

Bada, hitzen historiak astintzeko kirolaren esparruan arrakasta zer den jakin nahi izanez gero, kirol hitzari begiratu behar zaio.

Aurreko garaietako batzuek akaso uste dena baino ikuspegi zabalago batetik heldu zioten euskal lexikoaren eguneratzeari, tartean Azkue euskaltzainburuak. Horren neologismoek arrakasta gutxiago izan omen dute Sabinok egindakoek baino. Horrela dirudi gogoan hartuz gero ikurrina Azkueren guda-zapi edo erri-oial friki xamarrekin lehiatu behar izan zela, adibidez. Baina ez da beti horrela.

Azkuetarrek ez zuten alkatea esaten, endore baizik, eta iskilu zerabilten arma-ren ordez. Ez dakit hitzok ezagun diren gaur. Aldiz, anker, jopu, iratxo eta txiro nago baietz, Lertxundiri esker-edo behintzat. Burkide ere hortxe dago, baina ez du baratzezain berak bildu, ez. Eta, azkenik, gaina eta bikaina, kirol gurea.

Hitzok nondik aterako Azkuek, eta ez bere burutik, baizik eta Refranes y Sentencias bilduma arkaikotik (1596). Izatez bozkarioa edota aisialdia apika esan nahi zuen, orduan kirolik ez zegoelako, handikien ehiza edo jende apalak atxurrean aritzea edo lixiba egitea aintzakotzat hartu ezean (eta sexua, berebat).

Azkuek hautsa kendu (1905), Lopez Mendizabalek (1916) amaierako -a kendu eta kanpotik etorri berria zen sport itzultzeko hiztegian proposatu, hain zuzen Athletic, Erreala, Osasuna eta Alaves sortu ziren garaitsuan, euren ariketari maileguz eta neologismoz beste era bateko izena emateko garaiz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.