Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Erresuminduen zelataz

2020ko azaroaren 21a
00:00
Entzun
Duela dozena erdi urte-edo entzun nuen Cynthia Fleury estreinakoz Frantziako telebista publikoari handiegi geratu eta eliminatzea erabaki zuten Ce sour ou jamais! mitiko hartan. Hitzartze distiratsu bat izan zuen, ez zegoen oso konpainia onean, meritokraziaren fikzioaz aritu zen: gure gizartean justua jotzen den diferentziaz.

Bitxia da gaurko Frantziansezesio hitzak hartu duen tokia: pobre musulmanak estigmatizatzeko erabiltzen da, garaian sezesio fortuna handiek zergei iskin egiten zietela adierazteko zenean. Orduz geroztik, filosofo eta psikoanalista ibili da ospitaleetan lanean, zaintzak duen politikoaz pentsatzen.

Ez dira sublimazioaren garai onenak. Azken finean pultsioak maila goragoko batera eratortzea baldin bada sublimazioa, sare sozialen bidez gure egoera eta posizioak sistematikoki bat-batean adierazteko aukerak pultsioen biluzte bat dakarrelako. Hortaz ari da Fleury bere azken liburuan (Ci-gît l'amer. Guérir du ressentiment). Erresumina pasio triste gisa ikusten du. Haserrea, jelosia, baino gehiago da erresumina, eta horren guztiaren «kristalizazioa» ere bada. «Bere burua pozoitzen duen» pertsona da erresumindua, «kartzela batean» bizi da. «Guztiok ditugu une zailak, baina erresuminduak ez du une zail horiek igaro eta gainditzeko gaitasunik», azkenerako erresuminduak dena gutxietsiko du eta, aldi berean, munduko elementu guztien interpelazioa sentituko du.

Fleuryren aburuz badira erresumina bereziki gara daitezkeen garaiak: segurtasun falta eta berdintasun faltagatik, adibidez. Baina gaur egun hedatzen ari den erresumina ez da errebolta legitimo baten porrotarengatik. Are gehiago, erresuminaren bozgorailuak ez dira lurrean bereziki kondenatutakoak, kontrara, oro har «erresumin psikologikoak» gehiago dira «berdintasun errepresiboaren» seme-alabak (feat.: Adorno).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.