Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Soinua eta bizitza

2021eko urtarrilaren 16a
00:00
Entzun
Kolpatu ninduen Iñigo Astizen lehenengo poema Hil berri den aitaren arrastoa besarkatzeko izan zen. Poeman, narratzailea berdin-berdinak diren aulki tolesgarrietan esertzen da. Lau aulki probatu eta laxoago dagoen horretan ulertzen du aulki horretan eseri zela bere aita. Izpiritu horrekin zeharkatzen ditut orain liburu batzuk. Adibidez, badakit Filosofía y consuelo dela música-ren 702.era iritsi zela Aitor. Jai-alai katumbi express-en (a.k.a. Manu Chao eta Fermin Muguruzaren) kontzertuko 209. sarrera daukalako han.

Ramón Andrésen liburuko sarrerako aipua 1942ko Elias Canettirena da: «Musika da kontsolagarririk handiena zeren ez baitu hitz berririk sortzen [...] Lurra gero eta modu dentsoagoan populatua egon eta bizitzaren konfigurazioa gero eta mekanikoagoa izan, orduan eta beharrezkoagoa izan beharko da musika. Iritsiko da garai bat musikaren bidez soilik ahalko dugula alde egin funtzioen sare estuegietatik; eta iraunaraztea askatasun erreserba boteretsu gisa, eraginik gabeko gisa, etorkizuneko bizitza espiritualeko ataza garrantzitsuena kontsideratu beharko da».

Andrésen lanek badute altxor kutxaren materialitatea. Musikari eta soseguari buruzko lan honetan, besteak beste, entzumenaren afera fisiologikoa lantzen da. Nola soinua bera sortzean, kaskezurraren dardara sortzen duen. Soinua gure barruan sortzen da, gure barrua «haitzulo» bat da? «Kareharrizko umetoki» bat? Alfred Tomatisen ikerketak jaso ditu Andrések. Nola, amaren ahotsa umeari iristen zaion haurdunaldian. Hezurren bidez transmititzen zaio soinua umeari. Antza, umetokian entzuten diren oihartzunek bultzatzen dute umea gorantz joatera.

Kontrara, Peter Sloterdijkek idatzi zuen beldurra sarkorra dela belarriek ohi duten musika entzuteari uzten diotenean. Ala, bestela esanda: jaioberria aurrenekoz beldur dela, amaren barruko musika-tresnatik egotzia izan delako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.