Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Laguntasuna zahartzaroan

2021eko urtarrilaren 30a
00:00
Entzun
Hiru gauza eramateko eskatu zidan larrialdietatik ospitalera eraman eta telefonoz hitz egin genuenean: krema, azazkalak moztekoa eta liburuak. Bitxia egin zitzaidan liburuena eta jakinarazi nion, beti zeramalako baten bat gainean eta anbulantziari zain ordu luzez egon zelako etxean. Galdetu nion ze egile nahi zuen, esan zidan esku artean nuena eramateko. Valeriano Bozalen Pinturas negras de Goya (La balsa de la Medusa) eta Camusen Los justos (Alianza) eraman nizkion, azken honen edizio berrian duen argazkiko pertsonaia sujerentearekin. Bozalenak balio izan zigun azaroaren 31ko solasaldirako, bai Bozalez eta baita Zaragozako Goyari buruzko aditu handienaz aritzeko.

Hil zenean bere gauzak itzuli zizkiguten, gordeenak gela arruntetik ZIUrako bidaian eraman zizkiotenak ziren. Asteak pasatu ziren amak esan zidan arte ia noiz eramango nituen gurasoenetik ospitalekoak nire etxera. Baina ospitaletik hiru liburu iritsi ziren, Bozal eta Camusekin batera W. H. Audenen El prolífico y el devorador mitiko eta enigmatikoa. Katixima bat bezala irakurtzen dut orain. Zetorkiona usaindu eta aldamenean eraman nahi izan zuen ale hura ospitalera? Besterik gabe, une hartan irakurtzen ari zen?

Bada, irakurri gabe nuen Auden hil eta hilabete batzuetara Arendtek New Yorker-en idatzi zuena. Gertukoez ere egiten zuen gogoeta Arendtek, akaso bere gogoeta xamurrenak horiek dira. Arendtek aitortzen zuen bizitzaren ilunabarrean ezagutzen duzun jendearekin laguntasuna ezberdina dela —hala izan zen Audenekin izan zuen harremana—. Gaztaroan laguntasuna indarrez eraikitzen da, intimitatetik. Zahartzaroko laguntasunetan Arendtek zail ikusten zuen intimitatearen partekatze hori. Are, Audenek eta berak harreman estua zuten, baina Audenek muga bat jartzen zuen, babes bat. Laguntasun haren klabeetako bat biek poesiari eman zioten tratua izan zen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.