Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Goethe asmatu zuen emakumea

2021eko otsailaren 6a
00:00
Entzun
Hannah Arendt 1921ean hasi omen zen Rahel Vranhagen-en biografia osatzen: Rahel Varnhagen. Emakume judu baten bizitza deitu zion. Arendten biografo nagusiaren aburuz, Elisabeth Young-Bruehl, bere burua ezagutu zuen Arendtek Varnhagen ikertu zuen bitartean.

Varnhagen harribitxien merkatari baten alaba izan zen. Ez zen dirutan aberatsa baina erromantizismo alemanean eragin zuen. Bera izan zen Goethe jainko egitearen erantzulea. Arendt biografiaren eskuizkribua Alemanian ontzen ari zen 1933an alde egin behar izan zuenean. Liburuko azken bi kapituluak hogei urte beranduago bukatu behar izan zituen. Gainera, Varnhagenen jatorrizko gutun eta argitaratu gabeko egunerokoen bildumak desagertu ziren, «misterio bat» Arendten hitzetan. Varnhagenek gutun harremanak izan zituen Hegelekin, Caroline eta Wilhem von Huboltekin, Henriette Herzekin, mendelssohn-bartholdytarrekin, Dorothea Schlegelekin.

Behiala, Rahelek bere burua erromantikoekin alderatu zuen, «artista handienekin», eta bere burua oso bestelako toki batean kokatu zuen: «Niretzat, misioa bizitza bera zen». Alegia, bizitzea artelan baten parte bagina bezala, bere burua «kultibatzea». Bizitza artistikoa izatea: patua zerbait askatzailea balitz bezala bizitzea. Ezustekoz beteta dago liburua, esaterako 1956ko hitzaurrean Arendtek esaten duenean: «Rahel ez zen ederra ezta erakargarria ere; izan zituen maitasun harreman guztietan bera baino gazteagoak ziren gizonak; ez zuen bere ohiz kanpoko inteligentzia eta pasio originala lantzeko inolako talenturik». Arendtentzat Varnhagen «pertsonaia tipikoki erromantiko bat» zen, eta ausartzen zen esatera «emakumearen arazoa zen gizonek emakumeengandik 'oro har' espero dutenaren eta haiek, aldi berean, eman zezaketen ala eman nahi zutenaren arteko itxi ezinezko arrakala bat zegoela [...]». XIX. mendeak ezabatu zuen Varnhagen, baina Arendtek gupidarik gabe erditu zuen berriro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.