Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Idaztearen lanaz

2021eko apirilaren 24a
00:00
Entzun
Poz handiz hartu dut Munduko Poesia Kaieretara (Susa) Edna St. Vincent Millay ekarri izana Ana Moralesek. Duela hiru urte eta hiru egun ibili nintzen Millayez hemen. Aitortzen dut fama txarra duen politika eta artearen konbinaziotik ezagutu nuela poetatzarra: Sacco eta Vanzetti langile etorkinen kriminalizazio eta exekuzioaren inguruak irakurtzen egin nuen topo, nahiz eta bestelako engaiamendurik ez balu ere merezi duen Millayren obrak (ziurrenik ez legoke Millayrik, halere, bere politikarik gabe, ikusten ez duen begiradarik ez dagoen bezala).

1931n elkarrizketa bat egin zion Elizabeth Breuerrek Pictorical Review aldizkarirako. Bertan aitortu zuen liburu bat lantzen ari zen bitartean gelditu gabe egiten zuela lan. Beti zuela oharretarako kaier bat mesanotxean, posible zelako gauaren erdian esnatzea idazteko ideiaren batekin. Batzuetan esnatu eta frenetikoki hasten zen idazten ohean, ordu txikiak iritsi arte. Etengabe pentsatzen zuela bere lanean, baita lorategian zegoenean ala jendearekin hitz egitean. Horrek asko nekatzen zuela.

Fatal Interview poema liburua bukatu zuenean leher eginda zegoen Millay: «Neure buruan beti ari nintzen sonetoetan pentsatzen, egun eta gau egon nintzen poema horietan kontzentratuta urte eta erdiz». Sarritan ohean etzanda idazten zuen Millayk, baina beste askotan, bere gozamenerako, sastraken, zuhaixken, senarrarekin txukundu zituen loreen artean, tenis pistan, igerilekuan egoten zen idazten. Txabola bat ere bazeukan lan horretarako. Biluzik bainatzen ziren lagunartean. Bere senarra kafe inportatzaile holandar bat zen, ogibidea utzi zuen Steepletopeko etxeaz arduratzeko.

Behiala galdetu zioten Millayri nola arduratzen ote zen hain etxe handiaz, Millayk erantzun senarra arduratzen zela.

Altxor bat da Millayren obra, gure zorionerako, Eugen arduratu zen etxeko kontuez, Millayk «beti zuelako lana egiteke: poesia idaztea», alegia.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.