Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Justizia nazia

2021eko maiatzaren 1a
00:00
Entzun
Uwe-Karsten Heye Willy Brandt-en eta Gerhard Schröder-en (SPD) prentsa arduraduna izan zen, eta hamarkadak daramatza salatzen Alemaniako eskuin muturraren presentzia estatu aparatuetan, III. Reicharen aurretik: «Oro har, justizia errestaurazioaren baluarte bat zen. Klase justizia bat zen, Leipzigeko Inperioaren Tribunaletik hasita. Weimarreko errepublikako justiziaren historia ezagutzen duena ez da harritzen 1933tik aurrera, jarraikortasunez, nola bilakatu zen justizia nazionalsozialismoaren zerbitzari otzan. [...] Eskuin muturraren hilketen ikerketak behin-behinean utzi ala artxibatzen ziren. Oso gutxitan iristenziren prozesu judizialetara».

Horst Wessel naziaren hilketako auzian defentsan aritu zen Hilde Benjamin, «ordutik nazien begi-puntuan egongo zen». Gestapokoak baino naziagoak izan ziren legelari asko; Georg senarrarengatik etxea errejistratu zutenean, poliziei berdin izan zitzaien Hilde: bere abokatu lana galdu eta sasira joan behar izan zen, Roland Freisler legelariaren salaketarengatik.

II. Mundu Gerra bukatu eta gero, AEDn naziak epaitu eta estatua depuratu zuten bitartean, Konrad Adenauerrek espreski erabaki zuen alderdi naziko goi karguak, SSetakoak, justiziako funtzionariak, administraziokoak eta hedabideetakoak bakean uztea. AEDn AEFn baino bi aldiz nazi gehiago kondenatu ziren. AEFn 110.000 sumariotatik 6.500 nazi soilik kondenatu ziren. Are gehiago, 1951n AEFn sortutako Ikerketa Kriminalen Bulegoa (BKA) Reicheko terrorearen aparatu zentralaren ia berdina zen: 50eko amaieran denak ziren gizonak, %90 polizia zen 1945 aurretik eta erdia NSDAPko kide zen 1937 aurretik. Horregatik, Alemanian 2012an jakin zenean hamar urtez hamar lagun hil zituen zelula nazi baten zigorgabetasunak lotura zuela polizia eta justiziako eskuin muturreko elementuekin, asko atsekabetuko ziren, ia inor ez zen harritu.

Halakoa izan da panorama judiziala faxismoa «garaitu» zen Mendebaldean, nolakoa den faxismoak garaitu zuen Hegoaldean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.