Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Idazleak eta pertsona onak

2021eko maiatzaren 15a
00:00
Entzun
Berrogeita hamar urte bete zituenean Élisabeth Barillé Errusiara joan zen bidaian. Bere sustraien bilaketa zen: sustrai familiarrak (hangoa zuen aitona) eta genealogikoa (Lou Andreas-Salomé idazlearen pausoen atzetik). Bidaia hark beste konbinazio bat disparatu zion, ordea, Amedeo Modiglianik eta Annah Akhmatovak izan zuten eta ia aipatzen ez den harreman pertsonala.

Kontakizun zoragarri bat muntatu zuen Barillék (Un amour à l'aube, Grasset; Un amor al alba, Periférica), sare sozialetan bikain funtzionatzen duten bi aipurekin hasten dalana. Lehena, Akhmatovarena: «Hori dena geure bizitzen historiaurrean hasi zen: berea laburregia; nirea luzeegia. Artearen hatsak oraindik ez zituen bi izate horiek sutu, antzaldatu. Garai gardena eta arina zen, egunsentiaren aurretik dagoena». Bigarrena André Bretonena: «Inoiz maitatu nuena, gordetzeko gai izan ala ez, betiko maiteko dut».

Liburu aberatsa da, XX. mendearen lehenengo hereneanParisen bizi ziren errusiarrez jarduten du, eta tartean, gogoeta egiten du Barillék, horrela, adibidez: «Idazteak ez du norbait pertsona on egiten. Kanpoan utzi direnen ametsetan daude soilik idazleen saloiak. Urrundik ikusten ditugunean, Meaulnes handiaren châteaux-ak direla iruditzen zaigu eta euforiaz gerturatzen gara, baina gure euforia desilusio bilakatzen da bertaratzean eta deskubritzen ditugunean zikoizkeriak, jelosiak,edonon topa ditzakegun azpijokoak. Zukua eta azidoa destilatzea, ferekatzea eta aldi berean hozkatzea, Táuride karrikako katekistak inork ez bezala daki egiten. Egia da San Petersburgeko sinbolisten buruak ez duela inoren antzik: adats bakanak lehertzear dagoela dirudien kopeta erraldoiaren parean, eskularru beltzak ekzema kronikoaren gainean. Apaiza dirudi, 'baina bere naretasunik eta zentzu onik gabe; bakarrik bere itxura', idatzi zuen Akhmatovak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.