Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Alzueta, 1960tik

2021eko ekainaren 5a
00:00
Entzun
Hitzartua nuen, egun batean patxadaz joango nintzela eta hitz egingo genuela. Esan zidan baietz, ez zuela arazorik zutabe bat egin nezan dendari buruz. Duela aste batzuk Se traspasa jarri zuen dendako afixaren gainean. Beti pasatzen nintzen sartzeko denborarik gabe, galdetu nion noiz arte ibiliko zen han, argi esan zidan: «Erosiko duen norbait azaldu bezain laster itxiko dut».

Gure auzoan zapatak konpontzen zituen denda zen Alzueta. Langile zintzoa zen Jesus Ripodas Alzueta. Larruzko bota batzuen zola aldatzera joan nintzen behin. Beste denda batean zola aldatu zidaten urte batzuk lehenxeago. Iritsi zitzaidan sms bat, pasatzeko oinetakoen bila. Iritsitakoan zapatek ez zuten zola berririk. Zapata horiek ezin zirela konpondu, zola berria jarrita ere, jatorrizko oinarria hain zegoela higatua, zolak ez zuela zeri eutsi. Absurdoki insistitu nion, bota horiek ziren nire udazken-udaberriko plana, betuiez zaintzen nuen pare bakanetakoa. Gizonak esan zidan garbi: «Ezin zaie kariñorik hartu zapatei, aldi baterako dira».

Beti lanez lepo: bizikletarako osagarriak, gerrikoak, berokiak, giltzen kopiak, zakuak konpontzeke. Baina beti deigarria egin zitzaidana lanerako ordutegia zen. Horri buruz galdetu nahi nion bereziki: 07:30etik 15:00etara. Autoesplotazioa ardatz duen merkataritza txikiaren arauen kontra, ordutegia bere neurrira egina zuen. Erretreta hartzera arte iraun zuen.

Deigarria zen, kapitalismo garaikidea, tokiko administrazioarekin elkarlanean, merkataritza guneen bidez ari delako azken hamarkadetan dendak ixten. Baina deigarria, baita ere, bideragarriak diren zenbat negozio txikik ez dutelako belaunaldi aldaketarik. Haurren ametsa omen da ospetsu izatea. Langile helduena, duinki bizitzeko aukera bakanetakoa, funtzionario izatea (ez irakasle, suhiltzaile, erizain). Atzo meme batek Walter Benjaminen Artelana errepikagarritasun teknikoaren garaian-en esandakoa zekarren: «Autoalienazioak halako maila lortu du, non bere suntsipena aurreneko mailako gozamen estetiko gisa biziaraztea ahalbidetzen baitio».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.