Blanca Urgell
LARREPETIT

Almudena zena

2021eko abenduaren 1a
00:00
Entzun
Ez ditut beraren liburu guztiak irakurri. Las edades de Lulú bakarrik aurkitu dut apalategian, baina badakit gehiago irakurri ditudala. Utziko zizkidaten edo utziko nituen.

Ez nik, ez nire gurasoek, ez nire aitona-amonek, ez nire ingurukoek bizi izan ez ditugun errealitateak kontatu dizkit. Bazuen Grandesek idazten zuena irakurri ahala gertatzen balego bezalaxe egiteko gaitasun aparta. Eskafandraz jantzita bai, baina bertan murgilduta bazeunde bezalaxe. Beste nonbait, beste noizbait bizitzeko ateak zabaltzen zizkizun. Sufritu zutenen aldean batik bat. Sufritzen dutenen aldean.

Almudena arabetik dator, 'zitadela' esanahiko hitzetik, Madina 'hiria' baita (gure Itziar Madina idazlearen eta Edu Madina politikariaren deitura bera, bidenabar), gehi albaka, albertxiko, aljebra, alkate... hitzetako al artikulua. Jaioterriko ama birjinaren estatua bati eman zioten izenetik zetorkion izena Grandesi, hori baitzen mainstream gu biok jaio ginenean. Grandes abizena, berriz, Ávilako zein Salamancako herri zenbaiten izenetik omen. Adibidez, Ávilan Grandes y San Martín dago, Wikipediaren arabera 46 biztanle dituena, Arabakoa bailitzan. Araba hustua.

Niri Grandes-ek, ofizioaren ajeak zer diren, latin grandis dakarkit burura, eta hortik jauzi egin dut Theo Vennemann-ek proposatu zuenera, alegia, Europa mendebalean antzina «Vasconic» izeneko hizkuntza familia bat eta bakarra zegoela, zeinaren ondorengoa zein izango, eta euskara. Zerbait handia aurkitu uste duenaren fede itsuaz, grandis hori etimologia zailekoa omen denez, ez zion ba buruak eman handi-tik ateratzea? [Aplika bedi hemen Brandoliniren legea].

Almudena Grandesek bezala, Almu denak, Almu zenak bezala, mundua konpondu ezin, baina ingurua, handi zein txikia, eskura dutena argitzen dute batzuek beren heinean. Eta beste batzuek ilundu. Oxala baneki beti batzuk besteetatik ondo bereizten.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.