Hedoi Etxarte
LARREPETIT

Segi segan

2021eko abenduaren 11
00:00
Entzun
Argazkia sareratu duenak sareratu du Arga ibaiak eskuineko ertza jan duelako, uholdea deskribatzeko. Egina dago Beloso aldapatik, argazkiaren goiko aldean Media Luna parkeari eusten dion amildegia dago baina nik garabietako argiak ikusi ditut, egiten ari diren etxebizitza altuek aldatu dute zerumarra, ortzimugaren silueta.

Uste dut ia beti gaizki sentitzen dugula kapitalismoak eraikitzen duen munduaren kontra gaudenok. Sentitzen dugula gaizki gaizki pentsatzen dugulako funtsean. Diagnosi okerretik. Eraikin altu horien kontra erabili den argudio nagusia, azken urteotan izan da silueta aldatzen zuela. Eta zera, ba nik silueta guztiak berpentsatu beharko genituzkeela uste dut, Bilboaldeak metro bat behar zuen bezala eta Ibaizabalen azken kilometroak berregitea, baina ez horrela.

Silueta aldaketa horretan min berezia egin zidana izan zen orain Iruñeko Bigarren zabalgunean egiten ari diren eraikin mediokre baina garesti horien tokian lehen Salestarrak zirela. Salestar horien areto nagusian ikusi genituen haurtzaroan Hiru Truku, Ruper Ordorika, Amaia Zubiria eta beste hamaika legenda. Ikusi genituen bezala Eskolapioen soto hartan Imanol eta Txomin Artola. Gauza bat da nostalgiko ez jartzea eta beste bat diagnosi okerra egitea, masa kritiko handiagoa zuen 90etan eskala ertaineko zirkuitu hark Iruñerrian.

Halako poz bat ekarri dit Joseba Tapia eta Koldo Izagirreren azkenak, Egon edo ez egon, joan zait gogoa Iruñeko Hizkuntza eskolara Intxorta ekarri zuten XXI. mendearen hasierako San Prudentzio egunera eta XX.aren 94ko Salestarrenera, han izan ginen: lanperna bezain libre, satorra bezain zangar, liztorra bezain handi, enara bezain zakar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.