Samara Velte.
LARREPETIT

Ez zara zu

2021eko abenduaren 31
00:00
Entzun
2022a zapaltzear gaude, baina batzuetan badirudi mundua gelditu egin zela 2019an. Adiskideekin azken sagardotegiari buruz ari garenean, azken festetan txosnagunean gertatutakoak gogora dakartzagunean, harrituta ohartzen gara jada bi urte joan direla ordutik. 2020a gertatu izan ez balitz bezala, eta 2021ean oraindik stanby-en bageunde bezala, etorkizunerako planekin zuhur, ziurgabetasun luze honetara ezin ohiturik, batzuetan zalantza egiteraino ea norberaren kontua ote den, edo dena pixka bat ilunago ikusten ari ote garen azkenaldian.

Alemanek «urteen artekoak» deitzen dieten egun hauetan, atzera begirako zerrendez betetzen dira komunikabideak. Eta nik kazetari batek sekula egin behar ez lukeena egin dut: egunkari batean gehien irakurritako albisteen zerrendari erreparatu. Zehazki, The Guardian-en testu klikatuenei. Beste urte batzuetan izarren eskandaluek eta dieta miresgarriek beteko luketen podiuma bestelako gai batzuek okupatu dute aurten: osasunari buruzko iragarpen beltzek («Parkinsonaren zifrak gorantz eta espermarenak beherantz doaz gai kimiko arrunt batengatik»), klima larrialdiak («Golkoko itsaslasterra kolapsora bidean egon liteke», «Zer eragingo du itsas mailaren igoerak AEBetako kostako gune ezagunetan?»), bestelako bitxikeria biologikoek («Sits erraldoi bat agertu da Australian»), eta 1970eko hamarkadatik zibilizazioaren amaiera iragartzen ari den ikerlari baten elkarrizketak, «Ikusten? Abisatu nizuen» esanez.

Beraz, ez: ez zara zu. Munduaren ikuskera ilun hori globala da. Azken bi urteok ia denoi ebatsi digute maite dugun norbait, sarritan behar beste egon ez izanaren irudipenarekin; minak eta pozak partekatzeko espazioak urritu dira; etxean sartuta eta pantailei josita bizi izan gara luzaz, eta iluntasun berbera jaso dugu haietatik: hondamendiei buruzko albisteak eta fikzio distopikoak. Normala da inor ez fidatzea 2022arekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.