Goizalde Landabaso
LARREPETIT

Eboluzioa

2022ko ekainaren 28a
00:00
Entzun
Hotz egiten du Nerjako leize barruetan (Malaga, Andaluzia). Katebegia zara estalaktita eta estalagmita artean. Izugarri handia da kobazuloa, eta txiki sentiarazten zaitu, oso ezdeus. Ez dakit, baina, bertara sartu garen denok horrela sentitu garen. «Argazkiak flashik gabe», eskatzen du bertako beharginak. Beti dago, ostera, bere lorratzak besteenak baino sakonagoak direla pentsatzen duenik. «Flashik ez, no flash, pas de flash». Eta beti dago zer ukitzerik, hotza sentitzeko, ikutuera zelakoa den jakiteko. «Don't touch, please». Baina, beti dago... eboluzioa.

Berlinen hotz egingo zuen, ziurrenen, 80ko erdian Margaret Atwood The Handmaid's Tale (Neskamearen ipuina) idazten ari zenean. Fikzioak gutaz hitz egiten du beti; izan garenaz, garenaz eta izan gintezkeenaz. Asmakizun orok du antropologia euskarririk. Atwood irudikatzeko gai izan bazen, zergatik ez gauzatu?, pentsatuko zuen batek baino gehiagok. Egia esan, ez dira asko izan behar, AEBetako Auzitegi Gorenean dauden bost epaile nahikoa dira Gilead (Atwoodek asmatutako errepublika teokratikoa) gauzatzen joateko. Mundua astindu duen erabakia da. Ni, jakin eta atoan, Arantxa Mendiharat politologoarekin izandako solasaldi batekin gogoratu nintzen. Demokrazia zuzenaren aldeko da bera, hots, berak defendatzen duena da ausaz edozein izan litekeela epaile, presidente, alkate… Ez duzu egitura politiko bateko kide izan behar, eta zozketa bidez egokitu dakizuke erantzukizun ardura bat edo beste. Nik ere esan nion prestatuta egon beharko genukeela horretarako. Batzuetan, ordea, esaldia esan eta berehala jabetzen zara erantzunaz. «Orain bezala?», erantzun zidan.

Lagun batek ziostan lehengoan botere nahia gizakiaren berezko zer bat dela, aldagaitza. Nik zalantza dut. Ez dakit zalantzak uxatzeko baliagarria izango ote zaidan, baina Atapuercari egin nahi diot bisita, ia han egonik hona naizen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.