Ander Perez Argote
LARREPETIT

Sekretuak

2022ko azaroaren 18a
00:00
Entzun
Irulegiko eskua 2021eko ekainaren 18an atera zuen lurpetik Leire Malkorra Aranzadiko boluntarioak. Momentuan, izango zuen inguruan aztarnategiko sorta bat kide ere. Hilabete eskasera utzi zuten aurkikuntza Nafarroako Gobernuaren biltegi batean, beste pieza batzuekin batera. Han beste hainbat eskutatik pasako zen.Ia urte erdira konturatu zen Carmen Usua zaharberritzailea piezan idazkun bat zetzala, eta bulegotik saltoka atera. Ordutik, ez dakit zenbat arkeologo, hizkuntzalari, historialari, kimikari eta epigrafistaren begi paretik pasako zen brontzezko pieza. Boteprontoan, hamarnaka batzuk ateratzen zaizkit, gu enteratzerako aurkikuntzaren berri izango zutenak.

Gerora, komunikazio estrategia etorriko zen. Kazetaritzan, enbargatua esaten zaio iturriak baimendu bitartean komunikabideek gordean mantendu behar duten informazioari. Halako moldez helaraziko zitzaien berria inguruko erredakzio gehienei. Albistea aireratu eta gutxira, elkarrizketa, erreportaje eta ikus-entzunezko landuz bete zaizkigu pantailak, eta bistan da ez direla ordu gutxi batzuetan sortuak. Total, beste hamarnaka —ehunka?— profesionalek maneiatu dutela informazioa, herri xehea konturatzerako.

Honezkero, duela 2.100 urteko pieza batean baskonikoz idatzitako testu bat aurkitzea bezainbesteko mirari egiten zait urte eta erdian inork ezer esan ez izana. Sekretu nazionala izendatu genezake kasik. Eta aurkikuntzaren nondik norakoei jarraitu diegun lilura berarekin segituko genuke, nik bederen, urte eta erdi honetako kronika. Nori zer eskapatu zaion etxeko sukaldean, zer esan zaion lekuko bakoitzari sekretua gorde dezan (edo nola mehatxatu den), zer sentitu duen bakoitzak halako zerbaiten jabe izan, eta kanporatu ezinean.

Kontuak kontu, eskerrak. Urte eta erdiko espekulazio, sasijakintsu eta iritziologo sorta bat ebitatu digute. Albistearentzat bestela nekez izango lukeen oihartzuna bermatzeaz aparte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.