Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Herria bizirik

2018ko urriaren 5a
00:00
Entzun
Trena ez da, noski, mitoa bakarrik», zioen Koldo Izagirrek HEA Kultura elkartearen kaiera horietako batean. Mito eta mito ez dena ikusi ahal izan genuen larunbatean, Faltzes eta Martzilla arteko lurretan, AHTaren lanetara antolaturiko martxan. Alesbes eta Azkoien arteko bost kilometroak txikitzeko lanak OHLri esleitu berri zaizkio (PPren finantzaketa ilegalari loturiko eraikuntza enpresa); trukean, 55 milioi euro, eta Aragoi ibaiaren gainean 800 metroko zubibidea egitearen arriskua. Adibide bat da.

Geroa Bai berean temati; ez du, itxuraz, deus justifikatu beharrik, ezta azterketa sozioekonomikorik aurkeztu beharrik ere. Bost axola 160 urtez trena izan duten herriek zerbitzua galtzea; bost axola komunalak eta hirigintza ereduari nahiz ingurugiroari egiten ari zaizkion kalteak. Nahitaezko Desjabetzearen Lege frankistaz baliatzen ari dira, gainera, urgentziazko prozedura aplikatu eta, horrela, lur-jabeek eta udalek ezin alegaziorik jartzeko. Europako Kontuen Auzitegiak ohartarazi du proiektuak afera politikoei erantzuten diela, ez errentagarritasun sozioekonomikoei; badirela aukera hobeak, egungo burdinbideak egokitu eta hirugarren bide bat egitea, kasurako. Aldaketaren gobernuaren parte bat, entzungor, Europaren gainetik omen dago, hots, Espainiaren mailan. Iparragirreren bertsoak biltzen ditu Izagirrek: «Ekin deiogun bada burdin bideari / eta oso egin arte eraso lanari / astindu bat emanez lehenbailehen lurrari / eta handitasuna gure Espainiari».

Orain gutxi, elkarrekiko distantzia fisikoa eta herrigintza lotzen zituen Goizalde Landabasok tarte honetan. Erdi Aldea Trenaren Alde plataformak maiz salatu du bai ala bai jarri nahi diguten tren antisozial honek herriak bakartuko dituela, lurraldea zatitzearekin batera. Hots, Tutera urrunduko da Tafallatik, Castejon eta Etxarri-Aranatz lotuko dituen garraio publikorik ez da izanen. Iruindar gutxi batzuek hurbilago izanen dute Madril, eta badirudi hori aski dela. Eta trena ez da, noski, mitoa baizik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.