Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Lizunkeria

2018ko urriaren 25a
00:00
Entzun
Polemika sortu da Nafarroan eta Monarkia Parlamentarioaren Erresuman sortu dute, zehatzago esana Skolae hezkidetza programaren harira. Neroni ere aulkitik erortzeko puntuan izan naiz «Uxue Barkosek Nafarroako 0 eta 6 urte bitarteko haur guztiak jolas erotikoen bitarteko esperientzia sexualak izatera behartuko dituela» irakurri dudanean titularrean. Arranopola! Berehala informazioaren bila aritu naiz Interneten. Ildo bereko beste albiste batzuk aurkitu ditut hainbat egunkariren edizio digitalean: kazeta horiek irakurrita, Nafarroako presidenteak eta bere gobernukideek Nafarroako eskoletan etengabeko orgia antolatzeko asmoa dutelako sentsazioa hartu dut, kasik hitzez hitz helarazi digutelako artikuluetan. Horra hor kazetaritzaren urrezko aroaren beste seinale bat. Harrigarriro, UPN eta PP alderdiak bat datoz ziberespazioko informazio iturri horiekin.

Zorionez, izan badira eskola-programaren gaineko informazio zehatzagoa jasotzeko beste bide batzuk; eskolako profesionalak, adibidez. Ikasleek beren bizi-proiektua askatasunean eta genero baldintzatik kanpo sor dezatela da Skolaeren helburu nagusia, eta arlo guzietako eskubide urraketak identifikatzeko gai izan daitezen trebatzen dira gazteak asmo horretan. Hau da, aipatutako titularrak aditzera ematen zuenaren kontrako mezua. Artikuluetan aipatzen ez zen beste datu bat: duela urtebete inguru abiatu zen Skolae eta orain, hauteskundeak gertu direnean, sortu da eztabaida. Beste eztabaida bat.

Hein batean, Nafarroako jendartearen alderdi atzerakoiarengandik azkenaldian Fatxistorraldian, Zaldiero(a)ren esanetan jasotzen ditugun ateraldiak kezkatzekoak dira, bere gorrotoaren isla direlako, baina aldi berean Nafarroan zerbait aldatzen ari dela erakusten dute. Aldaketak ezinegona ekarri die immobilismoaren ordezkariei, eta aitortzen dut beren estualdiak sentsazio lizuna eragiten didala. Biziotsua.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.