LARREPETIT

Batzeko ariketa

Maddi Ane Txoperena Iribarren -

2018ko azaroak 21
Teresa del Valle antropologoak Korrika euskararen aldeko ekintza sinboliko garrantzitsua zela azpimarratu zuen 1988an argitaraturiko Korrika: rituales de la lengua en el espacio lanean (Korrika: hizkuntzaren erritualak espazioan). Tartean, nabarmendu zuen euskararen alde egiteko ez ezik lurraldetasuna markatzeko ere balio zuela 1980ko hamarkadan sorturiko herri ekimenak. Izan ere, lasterketa beraren pean Euskal Herriko zazpi probintzietan zehar egiten zuten (eta dute) korrika milaka herritarrek, eta ibilbideak herriari forma ematen dio: zazpi probintziako Euskal Herria irudikatzen du Korrikaren mapak; eta, del Vallek berak ohartarazten duenez, Frantziak eta Espainiak inposaturiko fronterak gainditzen.

Ezberdina izanagatik, antzeko pentsamendu bat sortu dit Euskaraldiak: Euskal Herriko txoko askotan ikusteak kanpainak, eta, bertzeak bertze, haren webgunean dagoen mapari begiratzeak. Erakusten baitu, herriz herri, non parte hartuko dugun ariketa sozial erraldoi horretan: koloretako puntuak ikus daitezke Zuberoako, Arabako, Nafarroa Garaiko, Baxenabarreko, Lapurdiko, Bizkaiko eta Gipuzkoako txoko askotan. Eta, beraz, ahobizi eta belarriprest txapak berdin erabili ahal izango ditugu Portugaleten, Tuteran, Maulen eta Azpeitian.

Pentsamendu eta sentimendu bera sorrarazi dizkit Euskaraldiaren leloak ere: Batu egingo gaitu. Batuko gaituelako, euskaraz umetatik dakigunak eta beranduago ikasi dutenak, hango eta hemengoak, hitz egin zein ulertu bakarrik egiten dutenak. Baina baita lurralde berean bizi garen euskal herritarrak ere: 11 egunez hamaika lekutan ariketa bera egiteak utziko du arrastorik maiz elkarri bizkarra emanez bizi garenon artean.

11 egunerako prestatu dute esperimentua, baina ohiturak aldatzeko esperantzarekin. Ederra litzateke, euskara ahoratzeko bakarrik ez, elkarrekin aritzeko ere hartuko bagenu ohitura.