Jaume Gelabert.
LARREPETIT

Izendaezina

2018ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Aitortzen dut maiz ez dudala iritzi sendorik izaten gai askoren gainean: zalantzatia naiz, kontziente bainaiz sarri askotan nahasten naizela eta gehienetan ez dudala nire burutaziorik ongi interpretatzen, ia beti errealitatetik oso urrun izaten baitira. Beharrik nire iritzia zein den nik baino hobeki dakiten adituak izaten ohi diren hurbil, konfiantzako pertsona horiek argitzen baitidate buruan darabildana. Bat eta bakarra da egia, eta adituek bidea erakusten didate.

Berriki izan dut laguntzaren beharra, Iruñeko Armadaren etorbidearen izen aldaketa dela eta. Asko izan dira argia erakusteko prest agertu diren samariar zintzoak. Ana Beltran Nafarroako PPko parlamentaria izan da bat. Berari esker ohartu naiz Foixeko Katalina izen berriarenkontra nagoela —edo, hobeki esanda, aurreko izenaren alde nagoela—, aldaketa «Bilduko alkatearen jauntxokeria» baita eta «iruindar guzien nahiaren aurka» eginen duelako. Beraz, neronek ere defenditu behar dut 1936an soldadu-pelotoiek 298 iruindar fusilatu zituzten Zitadelaren ondoko etorbideak gorazarre egin diezaiola armadari.

Ez dut Beltran gidari espiritual bakarra izan; UPNko Enrique Maya alkate ohiak ere neure iritzia ezagutzen lagundu dit, zabaldu baitu aurreko izenak ez diola iruindar bati ere arazorik sortzen, eta «buruhaustea ez zegoen tokian» sortu duela Asiron alkateak. Hortaz, inon den lana eginen dut arazo asmatu berria desagerrarazteko eta sutsu eskatuko dut urtean funts publikotik 18.776 milioi euro gastatzen dituen erakunde armatuaren izena manten dadila.

Bukatzeko, ezinbestekoa izan dut PSNko Maite Esporrinen gogoeta, bere hausnarketa sakonari esker ezagutu baitut Iruñean abertzaleek besterik ez dutela armadaren eginkizuna arbuiatzen. Kontsentsuaren izenean, edonon eta edonoiz goraipatuko dut egitura hierarkikoa eta jarrera matxista, homofoboa eta ultraeskuindarra hainbatetan erakutsi duen instituzioa.

Bukatu dira zalantzak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.