Garazi Arrula Ruiz.
LARREPETIT

Nocturne Op. 9 No.2

2019ko otsailaren 15a
00:00
Entzun
Chopinen Nokturnoetako ezagunenarekin hasten eta bukatzen da Txillardegiren klika dokumentala, Kote Camachok zuzendua. Jose Luis Alvarez Enparantza zena agertzen da pianoan. Ikus-entzunezkoak 2005eko elkarrizketa bat du ardatz, eta honela dio euskararen osasunaz: «Gauza batzuetan aurrera egin dugu, dudarik gabe, batez ere corpus mailan; baina estatusaren mailan, eta, batez ere, instituzio ofizial eta politikoen aldetik, poto nabarmena dago». Batek baino gehiagok antzera iritziko genioke zazpi Korrika eta geroko egoerari (kasurako, euskaraz jarduteagatik ertzaintzak jarri dituen bi isunak).

Hogeita bi urterekin idatzi zuen Chopinek pieza jakin hori. Mende bat geroago eta adin beretsuarekin, Txillardegi Bilbon zegoen, ingeniaritza karreran, eta han hasi zen euskaraz ikasten; «gaueko 12etatik 3etara». Gero preso, gero irakasle, gero etakide, gero erbestea. Atzerrian, 28 bizitoki ere izan zituela eta pianoa beti aldean zeramala kontatzen du Miren Rubiok biografia kaleratu berrian.

Chopinek ez zuen nokturnoa sortu, baina idatzitako 21 piezek musika konposizio hori ezagutarazi zuten, eta gaur nokturnoak harekin lotzen ditugu. Ezin gauza bera esan Txillardegiri eta euskara batuari buruz, nahiz eta beharbada azken urteotan pertzepzioa aldatzen ari den, bereziki Herri Ekimeneko eta Jakin-eko kideen ekinaz. Chopinek kadeteen iraultzaren aurrean harturiko jarreraz baliatu ziren batzuk haren ekarpenari itzal egiteko, nahiz eta, zorionez, kalitatea lehenetsi zaion. Konpositoreak aberriari zion maitasunak, ordea, izan du haren maisulanetan eraginik, eta ezin hori gutxietsi.

Erromantizismoaren ikur da poloniarra, eta literatura modernoaren ikur euskalduna. Eskoletan jakinarazi behar da Txillardegi nor zen; ez soilik batuaren bultzatzaile nagusietako bat izan zelako, ez soilik existentzialismoa euskaraz pentsatzen lehenetakoa izan zelako, ez soilik ekintzailea eta intelektuala aldi berean izan daitekeela praktikan erakutsi zigulako. Baita Chopinen Nokturnoak ederki jotzen zituelako ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.